Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, mintegi birtual bat antolatu du toki erakundeei eta elkarteei zuzendutako Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Laguntzak ezagutarazteko eta azaltzeko. Mintegia otsailaren 6an, ostirala, izanen da, 11:00etan, eta Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emanen dio hasiera.
Deialdia Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako departamenduaren arteko mugaz gaindiko harremanak garatzen eta indartzen laguntzen duten lankidetza-jarduerak garatzen dituzten toki erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta dago. Departamendu horrekiko lankidetza-hitzarmena joan den abenduan berritu zen. 2026ko ediziorako, 60.000 euro bideratu dira laguntza horien mugaz gaindiko eta Europako lankidetzara. Jardunaldian parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da otsailaren 5a (osteguna) baino lehen, inprimaki honetan.
Ollo lehendakariordeaz gain, Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) presidenteak, Iñaki Martínez de Vírgala Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren zuzendariak eta Marina Roncal Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko buruak ere parte hartuko dute mintegian. Deialdiaren xehetasunak azalduko dituzte, zeina otsailaren 9ko (astelehena) NAOn argitaratzea espero baita. Ondoren, Erica Sola Arguedasko Udaleko zinegotziaren, Unai Irigarai Auritzeko alkatearen eta Oskar Andueza Naturablai Elkarteko idazkariaren bitartez, aurreko edizioetan parte hartu duten proiektuen arrakasta kasuak ezagutzeko aukera izanen dute bertaratuek. Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak emanen dio azkena mintegiari.
Mugaz gaindiko Nafarroa
2025-2028 aldirako Nafarroako Kanpo Ekintzako II. Planaren 2. jarduketa-ardatz gisa hartuta, plan horren 2.3.8 ekintzak mugaz gaindiko lankidetza-jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen deialdia jasotzen du, toki entitate eta erakundeei zuzenduta.
Nafarroak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak (Akitania Berria eskualdean) administrazioen arteko lankidetza formala dute 2001etik, urte horretan mugaz gaindiko lankidetzarako lehen esparru-hitzarmena sinatu baitzuten. Urte hauetan egindako lana garrantzitsua izan da eta aurrerapausoak eman dira hainbat arlotan: arriskuen kudeaketa, lurralde garapena, turismoa, kultura, kirola, mugikortasuna… Hitzarmen horren helburua da Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko mugaz gaindiko harremanak eta lankidetza esparru instituzional batetik finkatzea, bai eta eragile ekonomiko eta sozialena ere, herritarren esparrutik.
Gaur egun, Nafarroak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen (2024-2026) eta Pirinioetako Lan Elkartearen (2025-2027) lehendakaritzak ditu. Hortaz, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak tokiko eta eskualdeko mugaz gaindiko lankidetza sustatzearen aldeko apustua areagotu du, 2020an sortutako laguntza-deialdi hau bultzatuz. Mintegiari buruzko informazio gehiago Kanpo Ekintzarako webgunean kontsulta daiteke.