Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berriaren Plan Estrategikoaren esparruan, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak 13.250.000 milioi euroko inbertsioak egiteko laguntzak aurkeztu ditu astelehen honetan Tafallan. Laguntza horiek 2026ko lehen hiruhilekoan eskatzen ahalko dituzte nekazaritzako elikagaien industriek, eta 2027ra arte gauzatzen ahalko dira.
Iñigo Arruti Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak ere parte hartu zuen jardunaldian, eta deialdiaren arau-esparrua eta berrikuntza nagusiak, laguntzaren fitxa eta kudeaketaren izapideak azaldu ziren. Ekitaldian sektoreko ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste, onuradun izan daitezkeen enpresek, erakunde laguntzaileek, Alinar eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Klusterrak eta kooperatiba sektoreko, UCANeko eta AN Taldeko ordezkariek. Departamentuaren aldetik, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendari Roberto Yoldi, Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Ataleko buru Francisco Miguel López eta Nekazaritzako Elikagaien Enpresentzako Laguntzen Bulegoko buru Luis Marín bertaratu ziren.
Politika berri hori erkidego bakoitzak garatu du, eta, Nafarroaren kasuan, laguntzen deialdia hiru helburu orokorrekin lotutako emaitza zehatzak lortzera bideratuta dago: epe luzean elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa sustatzea eta indartzea eta Batasunaren ingurumen eta klima helburuak lortzen laguntzea (besteak beste, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak), eta, azkenik, landa-eremuetako sare sozioekonomikoa indartzea.
Era berean, deialdiak NPBPEn jasotako helburu espezifikoak lortzen lagunduko du, hala nola nekazaritzako elikagaien sektorea modernizatzea ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.
Zehazki, 12.250.000 euro bideratuko dira lehiakortasun helburuak dituzten proiektuetara, eta beste 1.000.000 euro ingurumen helburu espezifikoak dituztenetara.
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak kudeatuko ditu laguntza horiek. Finantzaketari dagokionez, % 40 Europar Batasunak emana da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez, eta gainerako % 60a, berriz, Nafarroako Gobernuak.
Deialdian eskabideak onartzeko epea 2026ko martxoaren 20an bukatuko da.