Otsailaren 1ean EBren eta Singapurren arteko Merkataritza Digitalari buruzko Akordioa indarrean jarri zen. EBko merkataritza digitalari buruzko aldebiko lehen akordio independentea da, eta urrats garrantzitsua da merkataritza askeko hitzarmenen barneko merkataritza digitalari buruzko akordioen eta merkataritza digitalari buruzko EBko kapituluen sare gero eta handiagoan. Merkataritza Digitalari buruzko Akordioak indartu eginen du EBren eta Singapurren arteko merkataritza; horretarako, arau gardenak ezarriko ditu, mugaz gaindiko transakzio digitalak errazagoak, aurreikusgarriagoak eta fidagarriagoak izan daitezen, bai enpresentzat, bai kontsumitzaileentzat.
Akordioaren bidez, lineako ingurune segurua sortuko da kontsumitzaileentzat, maila handiko konpromisoak ezarriz lineako kontsumitzaileak babesteko, datu pertsonalak eta pribatutasuna babesteko eta eskatu gabeko mezu komertzialen aurka babesteko. Akordioak paperezko euskarririk gabeko merkataritza sustatzen duenez, sinadura elektronikoen, kontratuen eta fakturen baliozkotasuna bermatzen duenez eta transmisio elektronikoen gaineko aduana-eskubideak debekatzen dituenez, segurtasun juridiko handiagoa emanen die enpresei. Gainera, bidezko merkataritza digitala sustatuko du, debekatu egiten baititu datuak lokalizatzeko justifikaziorik gabeko betekizunak eta programa informatikoen iturburu-kodearen nahitaezko transferentziak; horrela, enpresak jardunbide protekzionistetatik babesten ditu.
Merkataritza Digitalari buruzko Akordioak EB eta Singapur politika digitalen garapenean lider gisa kokatzen ditu, eta, aldi berean, ekonomia digital irekiak eta bidezkoak indartzen ditu. Akordioak pertsonak eta haien eskubideak ardatz dituzten arau digitalak eta datuak ezartzeko EBren ikuspegia sustatzen du, eta bai EBk, bai Singapurrek ekonomia digitalean sortzen ari diren erronkei aurre egiteko neurriak garatzeko eta aplikatzeko behar den espazio politikoari eusten diotela bermatzen du.
Merkataritza Digitalari buruzko Akordioaren negoziazioak 2023ko uztailaren 20an hasi ziren. Akordioa 2019ko EBren eta Singapurren arteko Merkataritza Askeko Akordio irmoan oinarritu da, zeinak etekin iraunkorrak ekartzen jarraitzen baitu. 2024an, EBren eta Singapurren arteko merkataritza 131.000 milioi eurokoa izan zen; horietatik 83.000 milioi euro zerbitzuetatik eta 48.000 milioi euro salgaietatik etorri ziren. Zerbitzuen merkataritza gehiena digitalki egin zen, eta horrek aldebiko merkataritzaren alderdi horrek duen gero eta garrantzi handiagoa azpimarratu zuen.
Informazio gehiago linean.