Europako Parlamentuaren Lux sariei dagokien ziklo honen edizio berria urtarrilaren 30ean hasiko da, eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren Europe Direct Navarra/Nafarroa atalak antolatu du
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko Europe Direct Navarra/Nafarroa atalaren bitartez, Europako Parlamentuaren Lux sariei dagokien Europako zinemaren zikloaren edizio berri bat antolatu du, Golem zinemekin batera. Film guztiak Iruñeko Golem Yamaguchi aretoetan proiektatuko dira, sarrera doakoa izanen da leku guztiak bete arte, eta jatorrizko bertsioan emanen dira, azpitituluekin. Bost filmak ostiraletan emanen dira, urtarrilaren 30etik otsailaren 27ra, 19:30ean.
Sari horietan parte hartzeari esker, izendatutako bost filmek Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetan azpitituluak izanen dituzte. Gainera, 2026ko ediziorako eta lehen aldiz, bost film izendatuek gorrentzat eta entzumen-desgaitasuna dutenentzat azpitituluak izanen dituzte Batasuneko 24 hizkuntzetan, eta, horrela, eskuragarriagoak izanen dira.
LUX Ikusleen Saria Europako Parlamentuaren eta Europako Zinema Akademiaren urteko ekimena da, eta Europako Batzordearekin eta Europa Cinemas sarearekin lankidetzan antolatzen da. Europako zinemari omenaldia egiten dio, eta publiko orokorrarekiko konpromisoa eta eztabaida sustatu nahi ditu Europako gure balio komunak islatzen dituzten gizarte-gai garrantzitsuen inguruan, hala nola demokrazia, zuzenbide estatua, pluralismoa eta adierazpen askatasuna.
Urtero, irabazlea hautatzeko, uztartu egiten dira ikusleen zuzeneko kalifikazioa eta Europako Parlamentuko diputatuena. Alderdi bakoitzak % 50eko pisua du bukaerako puntuazioan. Ikusleek puntuak ematen ahal dizkiete filmei webgune honetan apirilaren 12ra arte. Botoa ematen duten ikusleen artean, zenbait sari zozketatuko dira, besteak beste, sariaren entrega ekitaldira joateko aukera, Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan.
Edizio honetarako hautatutako bost filmak
Filmak ostiralero egonen dira ikusgai, 19:30ean, urtarrilaren 30etik otsailaren 27ra, Golem Yamaguchiko zinema-aretoetan. Sarrerak doakoak izanen dira lekuak bete arte, eta leihatilan eskuratzen ahalko dira.
Europe Direct Nafarroa webgunean (https://luxaward-rating.europarl.europa.eu/es/) eskuragarri daude jada emanen diren filmak eta 2026ko apirilaren 12ra arte betetzen ahalko den bozketa egiteko inprimakia. Filmak bozkatzen dituztenen artean, Bruselara bidaia bat zozketatuko da, sariaren entrega ekitaldira joan ahal izateko filmen zuzendariekin eta interpretazio-taldeekin batera.
Aurtengo gai nabarmenetako batzuk desgaitasunen bizipena, Irango erregimena, homosexualitatea edo drama sozialak dira, besteak beste. Filmen aurretik, Patxi Burillo zinemako kritikari eta espezialistak aurkezpen laburra eginen du.
Edizio honetan honako film hauek ikusten ahalko dira honako egun hauetan: Sorda (Eva Libertad), urtarrilaren 30ean; It was just an accident (Jafar Pahani), otsailaren 6an; Love me tender (Anna Cazenave Cambet), otsailaren 13an; Sentimental Value (Joachim Trier), otsailaren 20an; eta Christy (Brendan Canty), otsailaren 27an.