Batzordeak Asiloa eta Migrazioa Kudeatzeko Europako lehen Estrategia aurkeztu du gaur. Estrategia horrek EBk asiloaren eta migrazioaren arloan dituen helburu politikoak ezartzen ditu, eta datozen bost urteetarako gida izanen da, lehentasun zehatzak ezarrita.

EBk kapitulu berri bati ekin dio migrazioaren eta asiloaren arloan. Hala, Europako kanpoko mugen babesean izan diren aurrerapen garrantzitsuak aprobetxatu eta sendotuko ditu, migrazio-diplomazia asertiboa aplikatuko du —adibidez, herrialde elkartuekin ditugun elkarte estrategiko eta globalen bidez— eta Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunean ezarritako erreformak aplikatuko ditu. Faktore horiek guztiek legez kanpoko migrazioa etengabe murrizten eta azken urteetan migrazioa hobe kudeatzen lagundu dute.

Estrategiak Europar Batasunak herrialde elkartuekin batera migrazioa eraginkortasunez kudeatzeko aukera emanen duen esparru bidezko eta irmo bat ezartzeko duen erabakitasuna berresten du, balio europarrei uko egin gabe irtenbideak eskaintzeko. Era berean, berresten du Europak erabaki behar duela nor etortzen den EBra eta zer egoeratan.

Estrategiak hiru helburu nagusi hauek lortzeko jarraitu beharreko bidea ezartzen du: legez kanpoko migrazioa prebenitzea eta legez kanpoko trafikoko delitu-sareen negozioa suntsitzea, gerratik eta jazarpenetik ihes egiten duten pertsonak babestea, eta, aldi berean, sistemaren gehiegikeria saihestea, eta EBra talentua erakartzea, gure ekonomien lehiakortasuna bultzatzeko.