Europako Batzordeak EBren lehenbiziko bisa-estrategia onartu du. Estrategiak EBren epe luzerako interesak sustatuko dituen bisen politika estrategikoagoa ezartzeko esparrua definitzen du, gero eta mugikortasun handiagoaren eta eskualdeen ezegonkortasunaren eta lehia geopolitikoaren ondorioen aurrean hobe prestatuta egoteko aukera izateko.
Estrategiaren helburua da Europa 1) seguruagoa izatea, segurtasuna kontrolatzeko lehen lerroa indartzeari esker; 2) oparoagoa eta lehiakorragoa izatea, gure ekonomietan eta gizarteetan laguntzen dutenei sarbidea erraztuz; 3) eragin handiagoa izatea mundu mailan, Batasunaren interes estrategikoak, balioak eta munduan duen posizioa defendatuz; eta 4) eraginkorragoa izatea, bisen arloan politika adimentsuago, modernoago eta koherenteagoa ezartzearen bidez.
Estrategiarekin batera, Batzordeak gomendio bat ezarriko du berrikuntzarako talentua erakartzeko, EB erakargarriagoa izan dadin profesional gaitu eta oso kualifikatuentzat, ikasleentzat, ikertzaileentzat eta ekintzaile berritzaileentzat, eta EBren lehiakortasunari eusteko mundu mailan.
Bisa-estrategiak hiru oinarri izanen ditu ardatz:
- EBko segurtasuna indartzea
– Estrategiak neurri zehatzak aurkezten ditu bisa-politika aprobetxatzeko, EBren interes estrategikoak defendatzeko eta segurtasun-esparrua indartzeko. Horrek hauxe eskatzen du:
– Sistema moderno bat, herrialde elkartuei bisa-salbuespena emateko, hautagaiak ebaluatzeko irizpide argiak dituen ebaluazio-esparru berri bat barne (2026an).
– Bisak eteteko mekanismo erreformatuaren esparruko bisa-salbuespenen araubideak zorrotzago kontrolatzea, beti betetzen direla bermatzeko eta bisa-salbuespena behar ez bezala erabiltzea saihesteko.
– Bisen bidezko eragin-mekanismo sendoagoa ezartzea 25 bis artikuluko egungo mekanismoa hobetzearen bidez. Mekanismo horrek aukera ematen dio EBri bisen arloan neurri espezifikoak hartzeko, itzulera eta berronarpenerako lankidetza-faltaren kasuan, eta ad hoc neurriak hartzeko, segurtasunaren arloko eta legez kanpoko migrazioaren aurkako lankidetza sustatzeko. Horretarako, 2026an Bisen Kodea berrikusiko da.
– Bisen arloan neurri murriztaile espezifikoak hartzea, hirugarren herrialdeetako ekintza oldarkorren ondorioz EBren segurtasuna arriskuan jartzen duten bisa-eskaerak eten, ukatu edo murrizteko, Bisen Kodearen berrikuspenaren esparruan, estatu kideei kontsulta eginda.
– Neurri berriak hartzea bidaia-dokumentuen segurtasuna indartzeko eta iruzurrei aurre egiteko, dokumentu-iruzurrari begira definizio harmonizatu berriak eta EB mailako zehapenak ezarrita.
- Berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea
Bidaiak eta mugikortasuna Europako ekonomiaren eragile nagusietako bat dira, eta Schengen eremua oraindik ere munduko helmuga bisitatuena da. Estrategiak neurri berriak zehazten ditu EBren mundu-lehiakortasunari eusteko, talentua erakartzeko eta atxikitzeko, eta bidaia legitimoak errazagoak, azkarragoak eta aurreikusgarriagoak izateko turistendako eta negozio-bidaiariendako, eta bereziki:
– Prozedura digital berriak, bai bisa eskuratzeko betebeharretik salbuetsita dauden bidaiariendako, bai bisa behar dutenendako. ETIASek (Bidaia-Informazio eta Baimenetarako Europako Sistemak) partzialki sinplifikatu eta automatizatuko ditu, 2026ko laugarren hiruhilekotik aurrera, irten aurreko kontrolak bisa eskuratzeko betebeharretik salbuetsita dauden bidaiariendako. Bisak emateko prozedura digitalek bisa eskatzeko prozesu osoa linean egiteko aukera emanen diete bisa eskuratzeko betebeharra duten eskatzaileei.
– Sarrera anitzetarako bisak, konfiantzazko bidaiariendako baliozkotasun handiagorekin, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bidaia-historia frogagarria eta enpresa egiaztatuen zerrenda komuna duten bisitariei saritzeko, konfiantzazko babesleek gonbidatutako negozio-bidaiariei bisak emateko izapideak errazteko.
– Talentuarendako baldintza hobeak: Ikasle eta ikertzaileei eta langile gaitu eta oso kualifikatuei buruzko EBren arauak aldatzeko aukera aztertuko da, bai eta EBren esparru juridiko espezifiko bat ezartzea ere sortzen eta hedatzen ari diren enpresen sortzaileendako eta enpresaburu berritzaileendako.
– Hirugarren herrialdeetako herritarrei eta enplegatzaileei laguntza handiagoa ematea Europako pasabide juridikoaren bulegoen bidez, bisak emateko izapideekin lotutako zailtasunak gainditzeko.
– EBren finantzaketa gehigarria hirugarren herrialdeetako nazional gaitu eta oso kualifikatuen bisak izapidetzeko.
- Bisen arloko tresna modernoak
Urtero milioika bidaiari iristen dira Schengen eremuaren kanpoko mugetara, bai iraupen laburrerako bisekin, bai bisa eskuratzeko betebeharrik ez duten herrialdeetatik. Hori modu eraginkorrean kudeatzeko, segurtasuna indartzen duten eta, aldi berean, bidaia legitimoak errazten dituzten sistema modernoak behar dira.
Horretarako, EBk tresna digital aurreratuak erabiliko ditu bisen eta mugen kudeaketa modernizatzeko. EBko sistema informatikoak elkarreragingarriak izanen dira 2028ra arte; horri esker, datu-base ugari kontsultatzen ahalko dira aldi berean eta bilaketa zentral bakar baten bidez. Horrela, informazio-trukea hobetuko da eta bisen arloko gehiegikeria saihestuko da.
Berrikuntzarako talentua erakartzeari buruzko gomendioa
Gomendioak prozedura zehatzak definitzen ditu estatu kideek ikasleak, ikertzaile eta langile gaituak eta oso kualifikatuak, suspertzen ari diren enpresen sortzaileak eta enpresaburu berritzaileak erakartzeko eta atxikitzeko izapideak hobe kudeatzeko, EBren lehiakortasunerako eta autonomia estrategikorako funtsezkoak diren sektoreetan.
Gomendioek honako hauek ezartzera animatzen dituzte estatu kideak, besteak beste: prozedura sinpleagoak eta azkarragoak iraupen luzeko bisak eta bizileku-baimenak emateko, izapide digitalizatuagoak, dokumentu gutxiago eta izapidetze-epe laburragoak ezarriz; EBn ikastetik edo ikertzetik akitzean lan edo ekintzailetzarako trantsizio errazagoak; mugikortasun hobea Batasunaren barnean; eta informaziorako sarbide hobea eta estatu kideetako agintarien, unibertsitateen eta ikerketa-erakundeen artean koordinazio sendoagoa.
Gomendioak Elige Europa ekimenaren helburuak lortzen lagunduko du. Ekimen horrek ikerketaren eta berrikuntzaren arloko munduko talentua erakartzea eta atxikitzea du helburu, bai eta Gaitasunen Batasuneko eta sortzen eta hedatzen ari diren enpresen EBren estrategiako talentua ere.