Europako Batzordeak, EBren estatu-laguntzei buruzko arauak betez, 3.100 milioi euroko laguntza-araubide bat onartu du Espainiarako, bero eta elektrizitatearen baterako sorkuntzako (BEBS) zentral berri edo funtsean berrituetan elektrizitatea sortzen laguntzeko. Laguntza horiek Espainiako Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratua, Industria Garbiaren aldeko Ituna eta EBren energia-efizientziako helburuak gauzatzen lagunduko dute.
Espainiarako laguntza-araubidea
Espainiak Batzordeari jakinarazi zion eraginkortasun handiko BEBS zentraletan elektrizitatea ekoizten laguntzeko asmoa zuela. Araubideak 3.100 milioi euroko aurrekontua du, eta hamar urte iraunen ditu.
Onuradunak BEBS zentral berrien edo funtsean berrituen operadoreak izanen dira, betiere zentral horiek energia-efizientziari buruzko Zuzentarauan ezarritako eraginkortasun handiko baterako sorkuntzaren definizioarekin bat badatoz eta Espainian badaude. Dirulaguntzen araubideak gas naturaleko, biolikidoko, biogasezko eta biomasa solidoko eraginkortasun handiko BEBS zentraletan elektrizitatea ekoizteko aukera ematen duten teknologiak eta proiektuak lagunduko ditu. Gas naturaleko proiektuek gutxienez hidrogeno berriztagarriaren % 10 erabiltzeko behar diren elementuak eta ekipoak izan beharko dituzte, gas naturalarekiko mendekotasuna saihesteko.
Araubidearen arabera, dirulaguntzen bidez ordainsariak handituko dira, eta bi osagai izanen dituzte: i) inbertsioak egiteagatiko konpentsazioa, enkante lehiakorren bidez zehaztuko dena; eta ii) eragiketengatiko konpentsazioa, zeina hiru hilean behin kalkulatu eta eguneratuko baita merkatuko aldagaien arabera (elektrizitatearen prezioak, erregaien kostuak, CO2-aren prezioak, etab.), metodologia garden bati jarraituz.
Batzordearen ebaluazioa
Batzordeak EBren estatu-laguntzei buruzko arauak kontuan hartuta ebaluatu du neurria, eta, bereziki, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren («EBFT») 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letraren arabera, zeinak aukera ematen baitie estatu kideei jarduera ekonomiko jakin batzuk baldintza jakin batzuen arabera garatzen laguntzeko, bai eta klimaren, ingurumenaren babesaren eta energiaren arloko estatu-laguntzei buruzko 2022ko jarraibideen arabera ere. Jarraibide horien arabera, estatu kideek energia-efizientziaren alde egin dezakete eraginkortasun handiko baterako sorkuntzaren bidez elektrizitatea sortuz, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
Batzordeak honako hau adierazi du:
- Araubideak jarduera ekonomiko jakin batzuen garapena sustatuko du, alegia, elektrizitatearen ekoizpena.
- Araubideak «efektu pizgarria» du; izan ere, onuradunek ez lukete eraginkortasun handiko baterako sorkuntzaren bidez elektrizitatea sortzeko horrenbeste inbertituko laguntza publikorik gabe.
- Araubidea beharrezkoa eta aproposa da energia-efizientzia handitzeko eta trantsizio ekologikoa bizkortzeko. Gainera, laguntza proportzionatua da, behar-beharrezkora bakarrik mugatzen baita. Inbertitzeko laguntzak lizitazio ireki eta gardenen bidez emanen dira; funtzionamendurako laguntzak, aldiz, administratiboki finkatuko dira eta hiru hilean behin gainbegiratu eta egokituko dira.
- Laguntzen eragin positiboek estatu kideen arteko lehian eta merkataritzan izan ditzaketen ondorio negatiboak konpentsatuko dituzte. Araubideak deskarbonizazioa bultzatuko du Espainian, bereziki eraginkortasun handiko baterako sorkuntzako elektrizitatea sortzearen bidez energia-efizientzia areagotzeagatik, Industria Garbiaren aldeko Itunarekin bat etorriz eta EBko lehia bidegabe desitxuratu gabe.
Arrazoi horiek oinarri hartuta, Batzordeak Espainiarako laguntza-araubidea onetsi du, EBko arauen arabera.
Testuingurua
Batzordearen klimaren, ingurumenaren babesaren eta energiaren arloko estatu-laguntzei buruzko 2022ko jarraibideek orientabideak ematen dituzte Batzordeak ingurumena, energia eta klima babesteko laguntzen bateragarritasuna ebaluatzeko moduari buruz, baldin eta EBFTren 107. artikuluaren 3. apartatuko c) letraren arabera jakinarazteko betebeharra badute.
Jarraibideek lortu nahi diren helburuak kontuan hartuta esparru malgu eta egokia sortzen dute, estatu kideei laguntzeko Itun Berdearen helburuak modu espezifikoan eta errentagarrian lortzeko behar diren laguntzak ematen. Arauak Europako Itun Berdean ezarritako EBren helburu eta jomuga garrantzitsuetara egokitu dira, bai eta energiaren eta ingurumenaren arloan berriki egin diren beste arau-aldaketa batzuetara ere, eta klima babestearen garrantzi gero eta handiagoari erantzuten diote.
Jarraibideek estatu kideei aukera ematen diete baterako sorkuntzako zentraletan ekoitzitako elektrizitatea laguntzeko, betiere baldintza jakin batzuk beteta. Arau horien helburua da estatu kideei laguntzea EBk energiaren eta klima-aldaketaren arloan ezarritako asmo handiko helburuak lortzen, zergadunarendako ahalik eta kostu txikiena sortuz eta merkatu bakarreko lehia bidegabe faltsutu gabe.
Energia-efizientziari buruzko 2023ko Zuzentarau berrikusiaren bidez, nabarmen handitu ziren EBren energia-efizientziaren arloko anbizioak. Halaber, hemendik 2030era urte horretarako aurreikusitako energia-kontsumoarekiko azken energia-kontsumoa % 11,7 murrizteko energia-efizientziaren helburu loteslea ezarri zuen EBn. Europako Itun Berdeari buruzko 2019ko Komunikazioaren bidez, Batzordeak klimaren arloko anbizioa areagotu zuen, eta berotegi-efektuko gasen zero emisio garbien helburua ezarri zuen 2050erako. Klimari buruzko Europako Legeriak, 2021eko uztailetik indarrean dagoenak, 2050erako klima-neutraltasunaren helburua finkatzen du eta 2030erako berotegi-efektuko gasen emisio garbiak gutxienez % 55 murrizteko tarteko helburua ezartzen du. Era berean, Batzordeak 2021eko uztailaren 14an aurkeztutako «55 helburuaren» lege-proposamenen oinarriak ezartzen ditu. Proposamen horien ondorioz, Batzordeak energia-iturri berriztagarriei buruzko Zuzentaraua ere berrikusi zuen, eta urteko helburu lotesle anbiziotsuagoak ezarri zituen iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren ekoizpena handitzeko EB mailan.
Informazio gehiago
Dagokion erabakiaren bertsio ez-konfidentziala SA.114058 zenbakiarekin argitaratuko da Batzordearen lehiaren webguneko estatu-laguntzen erregistroan, sor daitezkeen konfidentzialtasun-arazoak konpondu ondotik. Estatu-laguntzei buruzko erabakien Interneteko eta Aldizkari Ofizialeko argitalpen berrien zerrenda lehiari buruzko asteko online albisteetan agertzen da.