Europako Batzordeak lehen metodologia-multzoa onartu du Karbono-xurgapenei eta Karbonokulturari buruzko Erregelamenduaren esparruan, zeinak CO2-a atmosferatik modu iraunkorrean ezabatzen duten jarduerak ziurtatzen baititu. Borondatezko ziurtapenaren lehen metodologia horiek onartzearen bidez, Europar Batasunak arau argiak ezarri ditu eta aukera berriak sortu ditu berrikuntza klimatikorako, karbonoa xurgatzeko teknologietan inbertitzeko eta zuritze ekologikoaren aurka borrokatzeko. Mugarri horrek EB karbono-xurgapenaren lider gisa kokatu du. Ekimenak argitasuna emanen die enpresei eta inbertitzaileei eta merkatu emergente bat sortzen lagunduko du, bai suspertzen ari diren enpresa berritzaileentzat, bai EBko bioekonomia garrantzitsuarentzat. Aldi berean, Batasunaren helburua lortzen lagunduko du; alegia, beranduenez 2050ean klima-neutraltasuna erdiestea.

Arau berriek karbono-xurgapen iraunkorreko hiru jarduera hartzen dituzte barne: aireko karbono dioxidoa zuzenean atzitzea eta biltegiratzea, emisio biogenikoak atzitzea eta karbonoa biltegiratzea eta karbonoa bioikatzaren bidez xurgatzea. Ziurtapen-esparrua eta gobernantza-arauak indarrean sartu direnez, jarduera horiek egiten dituzten karbono-xurgapeneko proiektuek EBren ziurtagiria eskatzen ahal dute. Horri esker, datozen hilabeteetan karbonoa xurgatzeko EBko esparruaren lehenbiziko proiektuak ziurtatu eta aitortuko dira.

Orain, Erregelamendu Delegatua Europako Parlamentura eta EBko Kontseilura bidaliko da, kontrol-aldi bat ezartzeko. Epe hori igarota kexarik jarri ez bada, indarrean sartuko da.