EBk eta Indiak merkataritza askeko hitzarmen historiko, asmo handiko eta garrantzi komertzial handiko baten negoziazioak burutu zituzten. Bi alderdiek oraindaino sinatu duten mota horretako hitzarmenik garrantzitsuena da. Hitzarmen horrek munduko bigarren eta laugarren ekonomia handienen arteko lotura ekonomiko eta politikoak indartuko ditu, tentsio geopolitikoak eta erronka ekonomiko globalak gora doazen testuinguru batean, eta agerian jarriko du irekiera ekonomikoarekin eta arauetan oinarritutako merkataritzarekin duten konpromiso bateratua.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi zuen: «EBk eta Indiak historia egiten dute gaur, munduko demokraziarik garrantzitsuenen arteko lankidetzan sakonduz. 2.000 milioi pertsonako merkataritza askeko gune bat sortu dugu, eta bi alderdiek jasoko dituzte onura ekonomikoak. Arauetan oinarritutako lankidetzak emaitza apartak ematen jarraitzen duelako seinalea bidali dugu mundura. Gainera, hau hasiera besterik ez da: izandako arrakasta garatzen jarraituko dugu, eta are gehiago indartuko dugu gure harremana».

Egun, EBk eta Indiak urtean 180.000 milioi eurotik gorako balioa duten ondasunak eta zerbitzuak trukatzen dituzte, eta horrek 800.000 enplegu inguru sortzen ditu EBn. Hitzarmen horren bidez, EBk Indiara egindako ondasun-esportazioak bikoiztea espero da 2032rako, eta EBk Indiara egindako ondasun-esportazioen % 96,6ren muga-zergak kentzea edo murriztea. Guztira, muga-zergen murrizketei esker, urtean 4.000 milioi euro inguru aurreztuko dira Europako produktuen muga-zergetan.

Indiak merkataritza-bazkide batekin orain arte adostutako merkataritza-irekierarik anbiziotsuena da. Lehiarako abantaila handia emanen die EBko funtsezko industria- eta nekazaritzako elikagaien sektoreei, eta enpresek sarbide pribilegiatua izanen dute munduko herrialde populatuenari begira (1.450 milioi biztanle ditu eta hazkunde handieneko ekonomia: BPGd-a 3,4 bilioi eurokoa da urtean).

Informazio gehiago