Europako Batzordeak eta Brasilek elkarren arteko egokitzapen-erabakiak hartu dituzte, bi herrialdeen datuen babes-mailak alderagarriak direla berresteko. Bi alderdiek kontsumitzaileen eta herritarren datuak babesteko estandar handiak dituztela onartuta, erabaki horiei esker, enpresek, agintaritza publikoek eta ikertzaileek datuak askatasunez trukatzen ahalko dituzte EBren eta Brasilen artean.
Datu pertsonalak EBren eta Brasilen artean baldintza gehigarririk gabe askatasunez eta segurtasunez zirkulatzea bermatzearen bidez, bi jurisdikzioen arteko merkataritza digitala bultzatuko da. Erabakiei esker, kostuak aurrezten ahalko dira eta segurtasun juridikoa eta egonkortasuna bermatuko zaie, bai dagoeneko Brasilen ezarrita dauden Europako enpresei, bai EBko merkatuan hedatzen ari diren Brasilgo enpresei. Hala, munduko datu-fluxu aske eta seguruen gunerik handiena sortuko dute, eta guztira EBko eta Brasilgo 670 milioi kontsumitzailek aterako diote onura.
Elkarren arteko egokitzapen-erabaki horiek EBk eta Mercosurrek urtarrilaren 17an sinatutako Elkartze Akordio historikoaren (EMPA) eta Bitarteko Merkataritza Akordioaren (iTA) testuinguruan hartu dira. Erabakiak funtsezkoak izanen dira EBren eta Brasilen arteko merkataritza indartzeko, eta seinale geopolitiko berri eta sendo bat bidali dute, EBk eta Brasilek multilateralismoarekin eta arauetan oinarritutako nazioarteko ordenarekin duten konpromiso partekatua erakutsiz.
Elkarren arteko egokitzapen-erabakiak Datuak Babesteko Europako Komitearen irizpen baten ondoren eta EBko estatu kideek komitologia-prozedura izenekoan onetsi ondoren hartu dira. Batzordeak egokitzapen-erabakiaren funtzionamendua berrikusiko du lau urte igarota.
Michael McGrath Demokrazia, Justizia, Zuzenbideko Estatu eta Kontsumitzaileen Babeserako komisarioak Brasilian (Brasil) eginen den ekitaldi batean parte hartuko du, lortutako mugarri historikoa ospatzeko. Ekitaldia zuzenean emanen da EBSren bidez, eta, ondoren, prentsaurreko bat eginen da, 20:00ak inguruan (CET). McGrath komisarioak eta Brasilgo Datuak Babesteko Agintaritza Nazionaleko zuzendari-presidenteak batera emandako adierazpena eskuragarri egonen da bihar.
Informazio gehiago nahi izanez gero, prentsa-oharra kontsultatu.