Europako Batzordeak partzialki erregistratu du Europako Herritarren Ekimen (EHE) bat, honako izenburu hau duena: «EBren ekimena EBko eta EBtik kanpoko herrialdeetako kaleko txakurrak, kaleko katuak eta animaliak aterpeetan babesteko».
Ekimenak Batzordeari eskatzen dio kaleko txakurrak eta katuak zein animaliak EBko aterpeetan duten babesa indartzeko, eta bermatzeko EBk hirugarren herrialdeetan egiten dituen ekintzek animalien sufrimendua eragiten laguntzen ez dutela. Antolatzaileek eskatzen dute aren gehiago mugatzeko txakurrak eta katuak helburu zientifikoetarako erabiltzea, eta EBko merkataritza-, lankidetza- eta finantzaketa-tresnak halako moldez diseinatzeko non, EBko funtsak, merkataritza-abantailak edo lankidetza txakurrak eta katuak babesteko gutxieneko arauak errespetatzen badira baino emanen ez diren. Antolatzaileen ustez, halaber, neurri jasangarri eta gizatiarrak sustatu behar dira.
Batzordeak partzialki baino ez du erregistratu ekimena, lege berriak proposatzeko ahalmena duen eremuetan soilik egin baitezake hori. Hori gertatzen da animalientzako aterpeen, animaliekin helburu zientifikoetarako esperimentatzearen, hirugarren herrialdeekiko merkataritza eta lankidetzaren eta Batasunaren finantzaketaren kasuan. Helburu aitortu gisa animalien ongizatea duten politikak estatu kideen eskumen esklusibokoak dira. Batzordeak ez luke ahalmenik izanen helburu aitortu hori duen legedia proposatzeko, eta, beraz, ez dago ekimenaren zati hori erregistratzeko moduan.
Batzordearen ustez, dagokion legedian ezarritako forma-baldintzak betetzen dituzten ekimenaren zatiak legez onargarriak dira, Europako Herritarren Ekimenari buruzko Erregelamenduaren arabera.
Batzordeak ez du aztertu proposamenen edukia fase honetan. Erregistro partzialak ez du eraginik funtsari buruzko Batzordearen azken erabakian, ez eta har ditzakeen neurrietan ere. Ekimenari buruzko irizpena emanen du Batzordeak baldin eta antolatzaileek EBko biztanleen milioi bat sinadura jasotzen badituzte, gutxienez.