Europako Batzordeak gogotsu hartu du Europako Parlamentuak arau berriak onartu izana. Arau horiek erraztu egiten dute estatu kideek hirugarren herrialde seguruaren kontzeptua eta EBren jatorrizko herrialde seguruen lehen zerrenda aplikatzea. Arau berri horiek EBko asilo-sistema gehiago indartuko dute, estatu kideentzat asiloaren izapidetzea arindu eta eraginkorrago eginez. Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunaren barruan, sistema bidezko eta sendo bat lortzen lagunduko dute eta, aldi berean, oinarrizko eskubideen babesa bermatuko dute.
EBren jatorrizko herrialde seguruen lehen zerrendak aukera emanen die estatu kideei ikuspegi bateratuagoa hartzeko EBren zerrendan dauden herrialdeetako nazionalen asilo-eskaeren aurrean, haien eskaerak oinarri gabeak izateko probabilitatea handia baitute. Banakako ebaluazioan oinarritutako prozedura azkarren bidez, estatu kideek asilo-eskaera horiek azkarrago eta efizientzia handiagoz prozesatzen ahalko dituzte. Jatorrizko herrialde bat segurutzat jo daiteke hainbat iturri egokitan oinarritutako ebaluazio baten arabera. Iturri horien artean daude, besteak beste, Europar Batasuneko Asilo Agentzia, ACNUR, Europako Kanpo Ekintzako Zerbitzua eta estatu kideak.
Hirugarren herrialde seguruaren kontzeptuak aukera ematen die estatu kideei asilo-eskaera bat onartezintzat jotzeko, baldin eta eskatzaileek babes eraginkorra jaso badezakete segurutzat jotzen den hirugarren herrialde batean. Arau berriekin, kontzeptu hori aplikatzeko aurrerantzean ez da beharrezkoa izanen eskatzailearen eta hirugarren herrialde seguruaren arteko lotura bat egotea. EBko zuzenbidearen arabera, hirugarren herrialdeak segurutzat jo daitezke soilik haien sistema nazionalek eskaerak izapidetzeko eta behar denean babes eraginkorra emateko gaitasuna dutenean, itzulketaren aurkako babesa eta jazarpen, bizirako mehatxu edo tratu anker edo degradatzaile arriskurik eza bermatuz.
Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna EBko asilo- eta migrazio-politikaren oinarria da, eta kanpoko mugen babes handiagoa, abusuen aurkako arau zorrotzak eta erantzukizunaren eta elkartasunaren arteko oreka bermatzen ditu. Gaurko neurriarekin, estatu kideak hobeki prestaturik daude EBko migrazioa modu eraginkorrean kudeatzeko. Batzordeak estatu kideei laguntzen jarraituko du Itunaren aplikazioan aurrera egiteko, haren gauzatzeak eta etorkizuneko garapenak etengabeko arreta eskatzen baitute datozen urteetan.