Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, bilera bat egin du gaur Allon lurraldeko eragile nagusiekin, Nafarroan despopulazioari aurre egiteko egokitutako gobernantza- eta legedi-ereduan aurrera egiteko. Bilera Europako eskualde arteko Coop4RURALGov proiektuaren esparruan egin da. Proiektua landa-gobernantzarako lankidetzan oinarritzen da.
Hala, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak behin eta berriz adierazi du legeria landa-eremuak kontuan hartuz egiten aurrera egin behar dela. Horren ildotik, hirigune-legedia deritzona gogorarazi dute, zeinak, batzuetan, diskriminatu egiten duen eta landa-eremuko premiak, baliabideak eta gaitasunak alde batera uzten dituen.
Toki Administrazioak eta Despopulazioak defendatu duenez, gobernantza-prozesuak hobetzearen bidez (herritar guztien eskubideak kontuan hartuta eta udalerri txikietan benetako eragina duten politika publikoak aplikatuta), landa-eremuetan bizi diren herritarren eskubide-berdintasuna bermatzen eta ekonomia, gizarte eta lurralde arloko desberdintasunak zuzentzen lagun daiteke. Gainera, nabarmendu dute gaurkoa bezalako bilerak egitea garrantzitsua dela biztanle gutxi dituzten eremuetarako arau-esparru eraginkorrak eta benetan erabilgarriak lortzeko.
Bestalde, Alloko alkate Susana Castanerak gaur Allon egindako bileraren garrantzia azpimarratu du: “esperientziak trukatzearen, ideiak proposatzearen eta zeharkako politika eta legeen aldeko apustua egitearen bidez soilik lortuko dugu Nafarroan despopulazioaren aurkako borrokari berme osoz aurre egitea”.
Gobernantza-eredu parte-hartzailea
Jardunaldia bi zatitan egituratu da: lehenik eta behin, informazio-saio bat egin da, eta Europako Coop4RURALGov proiektuaren helburuak eta despopulazioaren aurkako eta landa-garapenerako gobernantza-eredua aurkeztu dira. Bigarrenik, lantegi tekniko bat egin da. Lan-saio horrek metodologia parte-hartzailea izan du, eta tokiko eta eskualdeko eragileek beren iritzia eman ahal izan dute administrazioen eta gizarte zibilaren arteko partaidetza antolatzeko moduari buruz, lurralde-arrakala lehengoratzeko.
Jardunaldiaren irekieran, Foru Komunitateak legeria landaguneen errealitatera egokitzeko azken urteotan egindako ahalegina nabarmendu da. Hala, besteak beste aipatu da 2023an Despopulazioaren aurkako Estrategia onetsi zela eta dimentsio anitzeko adierazle bat sortu dela lurralde-diagnostikoko aldagai anitzeko tresna gisa.
Lantegiaren helburu nagusia, berriz, gobernantza partekatuaren eta maila anitzeko gobernantzaren eredu operatiboaren inguruan kontsulta egitea izan da. Eredu horren helburua da politika publikoek sortzen direnetik kontuan hartzea udalerri txikietan izanen duten benetako eragina; prozesu horri rural proofing deritzo.
Coop4RURALGov proiektua
Proiektu hori Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak zuzentzen du, eta Europar Batasuneko Lurralde Kohesiorako Funtsekin batera finantzatzen da, Interreg Europe programaren bidez. Proiektuaren helburua da Espainiako, Bulgariako, Estoniako eta Irlandako estatuetako, eskualdeetako eta tokiko administrazio publikoen gobernantza-gaitasunak hobetzea, horretarako lankidetza eta esperientzia trukatzearen bidez. Politika publikoak asmatzeko eta aplikatzeko modua hobetzea du helburu, herritarren eskubide-berdintasuna bermatzeko, bizi diren lekua edozein dela ere, eta desberdintasun ekonomiko eta sozialak zuzentzeko.
Gaurko bileran honako hauek parte hartu dute: CEDERNA-Garalur, TEDER, EDER eta Erdialdeko Partzuergoa tokiko ekintza-taldeetako ordezkariek, AFAMMER landa-emakumeen elkarteak, eta Tejiendo Caminos erakundeko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) despopulazio batzordeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ordezkariek.