Europe Direct zentroen belaunaldi berri bat herritar guztien eskura dago.

Urtarrilaren 29an eta 30ean, Europe Direct zentroak eta Europako dokumentazio-zentroak bildu ziren, Europako gaiak gure herrialdeko herritarrei jakinarazteko erronkei heltzeko.

EUROPE DIRECT zentroen belaunaldi berriak bere ibilbidea hasi du. Espainia osoan banatutako 37 zentrok Europar Batasuna, haren politikak eta balioak herrialdeko txoko guztietara hurbiltzeko zeregina izanen dute 2030aren amaierara arte.

Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzako zuzendari Daniel Callejaren hitzetan, “EUROPE DIRECT sarearen eginkizuna EBko erakundeak eta herritarrak konektatzea da. Hala, bere eginkizunak dira Europak egungo testuinguru geopolitiko konplexuan gure lehiakortasuna eta segurtasuna indartzeko erronkei nola erantzuten dien azaltzea eta herritarrei Batasunak eguneroko bizi-kalitatea hobetzen nola laguntzen dien identifikatzen laguntzea, besteak beste”.

Europar Batasuna badago presente Espainiako herritarren artean, lurralde osoan dauden EUROPE DIRECT zentroei esker. Tokiko zentro horiek EBren eta herritarren arteko harremanetarako gune nagusia dira, eta Europar Batasunarekin lotutako gaiei buruzko informazioa, arreta eta entzute aktiboa eskaintzen dituzte, betiere tokiko testuingurua eta premiak kontuan hartuta.

EUROPE DIRECT zentroak zalantzak argitu, Europako politikak hobe ezagutu edo Batasunak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa —hala nola finantzaketa eta mugikortasuneko programei edo Europako herritarren eskubideei buruz— jaso nahi duten pertsona guztientzat irekita daude.

EUROPE DIRECT zentroak Europako gaietan espezializatutako profesionalek kudeatzen dituzte, eta informazio- eta dibulgazio-lan handia egiten dute. Eginkizun nagusien artean, honako hauek nabarmendu daitezke: EBren politika, jarduera, legeria eta programei buruzko informazio orokorra ematea; Europar Batasunaren eginkizunari buruz sentsibilizatzeko hitzaldiak, eztabaidak eta ekitaldiak antolatzea; eta tokiko bazkideekin eta eragile biderkatzaileekin lankidetzan aritzea, hala nola agintariekin, ikastetxeekin eta gizarte erakundeekin. Era berean, zentroek Europako gaiei buruzko edukiak helarazten dizkiete tokiko komunikabideei.

Urtero, EUROPE DIRECT zentroen sareak herritar europarren milioi bat kontsulta baino gehiago jasotzen ditu. Interakzio horiek informazio-iturri baliotsua dira Europako erakundeek herritarren kezkak eta beharrak zuzenean ezagutu ahal izateko.

Sare horrekin batera, Europako Dokumentazio Zentroek (EDZ) funtsezko zeregina betetzen dute esparru akademikoan. EDZek Europaren integrazioari buruzko irakaskuntza eta ikerketa bultzatzen dute, dokumentazio espezializatuaren bilduma zabala jarrita ikasle, irakasle eta ikertzaileen eskura eta Europaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaida akademikoa sustatuta.

Horrela, EUROPE DIRECT zentroen sareak eta Europako Dokumentazio Zentroek Europar Batasunak herritarrekiko komunikazio hurbil, irisgarri eta gardenarekin duen konpromisoa indartzen laguntzen dute. Helburu horrekin, sarea Madrilen bildu da egunotan, lankidetzan aritzeko bideak eta Europako gaiei buruzko informazio eta komunikazioko jardunbide egokiak aztertzeko.