‘Bat egin deskarbonizazioarekin‘ lelopean, Nafarroako Gobernuak jardunaldi presentzial batzuk antolatu ditu herritarrentzat, energia-eraginkortasuna bultzatzeko eta etxeetan eta komunitateetan deskarbonizazio-neurriak hartzea errazteko.
Jardunaldiak 2026ko urtarrilaren 26tik otsailaren 5era eginen dira, 18:00etatik 20:00etara, Lakuntzan (urtarrilak 26), Tuteran (urtarrilak 27), Tafallan (urtarrilak 28), Lizarran (urtarrilak 29), Agoitzen (otsailak 2), Donezteben (otsailak 3), Burlatan (otsailak 4) eta Iruñean (otsailak 5).
Ekimena Europako LIFE Plan4CET proiektuaren barruan dago, eta helburua da administrazio publikoei eta herritarrei laguntzea trantsizio energetikoari lotutako ekintzak planifikatzen eta abian jartzen. Jardunaldien kudeatzaile dira Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusia eta proiektuko bazkide nafarrak: NASUVINSA sozietate publikoa, ZABALA Innovation eta Iruñeko Udala, eta Nafarroako Komunitatea Eraldatzeko Bulegoak ere parte hartzen du.
Saioak energia gaietan kezka duten pertsonei zuzenduta daude, hau da, deskarbonizazioaren arloko ekintzara pasatu nahi dutenei. Jardunaldietan, Nafarroan eskuragarri dauden laguntza publikoak aurkeztuko dira, hala nola energia-komunitateei zuzendutakoak, galdaren aldaketa, zerga-kenkariak eta Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (EAZ).
Era berean, arlo horretan herritarrak sentsibilizatzeko egindako lana aurkeztuko da, besteak beste Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarearekiko (NELS Sarea) lankidetza. Elkarlan horretatik sortu da klimaren aldeko ekintzen gida bat, bai eta bigarren gida bat ere, Nafarroako trantsizio energetikoari buruzkoa. Bigarren tresna hori lagungarria da herritarren arretarako bulegoetako langile teknikoentzat.
Informazio praktikoa
Jardunaldietan parte hartzea doakoa da, aldez aurretik izena emanda. Interesdunek saioen egutegi osoa kontsultatu eta izena eman dezakete web inprimaki baten bidez.
Informazio gehiagorako, jardunaldien arduradunekin harremanetan jar zaitezke transicionenergetica@navarra.eshelbidean.
Plan4CETen azken txanpa
Plan4CET proiektua azken txanpan dago, hiruhileko honetan burutuko baita, datorren otsailean Bruselan eginen den itxiera-ekitaldi batekin.
Bere bi urteetan zehar, Nafarroako Gobernua buru den partzuergo batek kudeatu du, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresen I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Iruñeko Udalak, NASUVINSAk eta ZABALA Innovation aholkularitza-enpresak ere parte hartzen dute. Gainerako erakundeak Italiako Emilia-Romagna eskualdekoak dira (Comunne di Parma, Province di Parma, EURAC ikerketa-zentro pribatua, Parmako Energia Agentzia eta Emilia-Romagnako Agentzia), Suediako Skäne eskualdekoak (SKÄNE energia-agentzia) eta Belgikakoak (FEDERANE, Europako Energia Agentzien Elkartea).
Pilotu nafarrak lau helburu ditu: gobernu maila guztien arteko lankidetzaren egitura eta metodologia egokia garatzea; hainbat eragileren parte hartzea babestea eta sustatzea trantsizio energetiko garbian; teknikariak eta politikariak prestatzea eta udalerriei tokiko plangintzan laguntzea.
Proiektuaren aurrekontua, guztira, 1,5 milioi eurokoa da; horietatik 270.000 euro Nafarroako Gobernuak gauzatutako ekintzetarako izanen dira, 163.000 euro NASUVINSArentzat, 138.000 euro ZABALArentzat eta 90.000 euro Iruñeko Udalarentzat.