Europako proiektuetan eta ikerketan eta garapenean liderrak diren erakundeekin lankidetzan aritzen ahalko da

VidAAS Zentroak —Garapen Autonomo Aktibo eta Osasungarrirako Abangoardiako eta Berrikuntzako zentroak—, berrikuntza-laborategien sare global handiena den Living Labsen Europako Sarearen (ENoLL) ziurtagiria lortu du.

Berriki egindako ENoLLen Batzar Nagusiaren ondoren onartu da ziurtagiria, VidAASek aurkeztu ondotik gizarte arloko laborategi espezializatu gisa duen eredua, teknologiaren bidez pertsonen bizi-kalitatea eta bizi-ziklo osoko autonomia hobetzean zentratuta. Nabarmentzekoa da ENoLL (European Network of Living Labs) dela berrikuntza irekiko ingurune gisa eta erabiltzaileengan zentratuta dauden Living Lab edo laborategi bizidunak sustatzen dituen nazioarteko sarerik handiena, irabazi asmorik gabea.

Ziurtagiri hori VidAAS Zentroaren kalitatearen eta fidagarritasun metodologikoaren bermea eta aitorpena da, eta zerbitzu hori finkatzen du berrikuntza sozial eta teknologikorako espazio gisa, arazo eta erronka errealentzeko irtenbide inklusiboak sortzera bideratuta. Era berean, Living Labsen sare global horretan parte hartzearen ondorioz,VidAAsek Europako proiektuetan parte hartu eta lankidetzan aritu ahal izanen du ikerketa eta garapen sozialean liderrak diren erakundeekin.

Ziurtagiri horri esker, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak sustatutako eta NASERTIC enpresa publikoaren bidez kudeatutako VidAAs zentroa bihurtu da Nafarroan horrelako aitorpena jaso duen lehen erakunde publikoa. Gaur egun, Foru Komunitatean ziurtagiri hori duten bi erakunde pribatu baino ez daude: Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartea (Adacen) eta Campus by IDEA prestakuntza-zentroa, eta  haiekin ere ari da lanean VidAAs  zentroa.

Informazio gehiago