Europako Batzordeak iragarri du laguntza humanitarioaren hasierako aurrekontua 1.900 milioi eurokoa izanen dela 2026rako, 239 milioi pertsonak laguntza behar duten eta emaile nagusiak finantzaketa murrizten ari diren une honetan.
EBren laguntza humanitarioa ezinbestekoa da gehien behar den lekuetan: elikagaiak eta larrialdietarako babeslekuak, osasun laguntza kritikoa, zaurgarrienen babesa eta haurren hezkuntzarako laguntza krisi-eremuetan. Beste emaile batzuk erretiratu eta zuzenbide humanitarioa aurrekaririk gabeko presioa jasaten ari den bitartean, EBk bere konpromisoari eusten dio: printzipioetan oinarritutako laguntza, beharra duten pertsonengana iristen dena, dauden tokian daudela.
1.900 milioi euroko hasierako esleipenaren barruan sartzen dira 557 milioi euro Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikarako, 448 milioi euro Ekialde Hurbilerako eta 145 milioi euro Ukrainako behar humanitarioetarako. Gainera, 415 milioi euro baino gehiago gordetzen dira mundu osoko bat-bateko larrialdiei erantzuteko eta hornidura-kate estrategiko bat mantentzeko.
Ikuspegi berriak behar dira inoiz ez bezalako behar humanitarioen eta eskura dauden baliabideen arteko arrakala gainditzeko. Berdintasun, Prestakuntza eta Krisi Kudeaketako komisarioa, Hadja Lahbib, Davosen dago aste honetan, enpresariekin eta inbertitzaileekin eztabaidatzeko sektore pribatuak nola ekar diezaizkiokeen berrikuntza, gaitasuna eta finantzaketa-eredu berriak erantzun humanitarioari. «Sistema humanitarioa aurrekaririk gabeko presioa ari da jasaten, eta finantzaketa publikoa bakarrik ez da nahikoa izanen oraingo krisiari aurre egiteko», adierazi du Lahbib komisarioak. «Europa neurriak hartzen ari da, hasieran 1.900 milioi euro konprometituz 2026rako. Laguntza humanitarioaren emaile nagusi gisa, gure erantzukizun politikoa hartzen ari gara, bai eta mundu mailako erantzuna gidatzen ere. Horregatik nago Davosen: sektore pribatuak handira joka dezan eta elkarrekin azkarrago joka dezagun. Elkartasun-proba bat da eta Europak erronka onartu du».
Munduko Ekonomia Foroarekin lankidetzan, «Laguntzarako eta garapenerako aliantza berriak» izeneko ekitaldia moderatzen lagunduko du urtarrilaren 22an. Davoseko bere agenda osoa, alde biko bilerak barne, bere egutegian dago eskuragarri.
Online kontsultatzen ahal da prentsa agiria.