Europak egunero egiten die aurre funtsezko zerbitzuen eta erakunde demokratikoen aurkako eraso zibernetiko eta hibridoei, batzuk delituzko erakunde sofistikatuek eginak eta beste batzuk estatu jakin batzuek eginak. Europako Batzordeak zibersegurtasun-pakete berri bat proposatu du gaur, gero eta mehatxu larriago horien aurrean EBk zibersegurtasun arloan dituen erresilientzia eta gaitasunak indartzen jarraitzeko.

Zibersegurtasunari buruzko Erregelamendua berrikusteko proposamen bat jasotzen du paketeak, EBko informazio- eta komunikazio-teknologien (IKT) hornidura-kateen segurtasuna hobetzen duena, eta EBko herritarrengana iristen diren produktuen diseinuan zibersegurtasuna bermatzen duena, ziurtapen-prozesu errazago baten bidez. Zibersegurtasunaren arloan EBn indarrean dauden arauak betetzea ere errazten du, eta Zibersegurtasunerako Europar Batasuneko Agentzia (ENISA) indartzen du, zibersegurtasunaren aurkako mehatxuen kudeaketan estatu kideei eta Batasunari laguntzeko orduan.

Zibersegurtasunari buruzko Erregelamendu berriaren helburua da EBko IKTen hornidura-katean zibersegurtasun-arazoak dituzten hirugarren herrialdeetako hornitzaileetatik datozen arriskuak murriztea. Segurtasun-esparru fidagarri bat ezartzen du hornidura-kate horretarako, ikuspegi harmonizatu, proportzional eta arriskuan zentratu batean oinarrituta. Horri esker, EBk eta estatu kideek elkarrekin hauteman eta gutxitu ahal izanen dituzte arriskuak EBko 18 sektore kritikoetan, ondorio ekonomikoak eta merkatuaren hornidura ere kontuan hartuta.

IKTen hornidura-kateak funtsezkoak dira azpiegituren eta zerbitzu kritikoen funtzionamendurako, eta zibersegurtasun arloko azken gertakariek agerian utzi dituzte kate horien ahultasunen arrisku nagusiak. Egungo panorama geopolitikoan, hornidura-katearen segurtasuna ez da mugatzen produktuen edo zerbitzuen segurtasun teknikora, hor baitaude hornitzaile batekin lotutako arriskuak ere, bereziki atzerriko mendekotasunen eta esku-sartzeen arriskuak.

Zibersegurtasunari buruzko Erregelamenduak arrisku handiko hirugarren herrialdeetako hornitzaileek Europako telekomunikazio mugikorren sareentzat duten arriskua ezabatzera behartuko du, 5G sareen segurtasun-tresnen esparruan egindako lanean oinarrituta.