Europako Batzordeak arrazakeriaren aurkako EBren estrategia berria onartu du, arrazakeriarik gabeko Europa bat eskatuz, non pertsonek aukera izanen duten aurrera egiteko, gizartean bete-betean parte hartzeko eta egonkortasuna eta oparotasuna lortzen laguntzeko.
Estrategiaren oinarria EBko 2020-2025eko Arrazakeriaren Aurkako Ekintza Plana da. Azken bost urteetan, EBk aurrerapen esanguratsuak lortu ditu arrazakeriaren aurkako borrokan, bereziki arraza-diskriminazioari helduz eta arrazakeriaren aurkako ekimenak EBko politiketan txertatuz. Aurrerapen horiek gorabehera, diskriminazioari buruzko azken EurobarometroaEurobarometroaren arabera, hiru herritarretik ia bik uste dute arraza-diskriminazioa arazo orokorra dela bere herrialdean.
Estrategia berriak arrazakeriaren forma guztiei aurre egin nahi die, honako hauen bidez:
- Diskriminazioaren aurkako EBko legeak erabat aplikatzen eta betetzen direla bermatzea.
- Oztopoei heltzen eta inklusioa sustatzen jarraitzea hezkuntzan, enpleguan, osasun-arretan eta etxebizitzan.
- Arrazakeriaren aurkako aliantzak eraikitzea gizarteko maila guztietan.
Estrategia berriak diskriminazioaren aurka indarrean dagoen legeria aplikatzea indartuko du. Arraza Berdintasunari buruzko 2000ko Zuzentarauaren aplikazioa ebaluatuko da, gabeziak identifikatzeko eta, beharrezkoa denean, zehapen larriagoak jartzeko. Gorrotora bultzatzeari eta gorroto-delituei aurre egiteko esparrua indartuko da, bereziki pertsonak ahaldunduz, biktimen eskubideak bermatuz EBn indarrean dagoen legeriaren bidez —hala nola Biktimen Eskubideei buruzko Zuzentarauaren bidez—, eta gorroto-delituen definizioak harmonizatzea kontuan hartuz, adierazpen-askatasuna erabat errespetatuz. Estrategiak, halaber, estatu kideetako berdintasun-organismoei lagunduko die beren lan garrantzitsua egiten, arauak betetzen direla bermatuz.
Arrazakeriaren aurkako ekimenak are errotuago egonen dira eguneroko bizitzan eta gizarte osoan. Berdintasunari buruzko kanpaina bat abiaraziko da EB mailan, EB osoko herritarrak inklusioaren sustapenean kontzientziatzeko eta inplikatzeko. Abian diren ekimenek irisgarritasuna berdina izaten lagunduko dute funtsezko arloetan, hala nola hezkuntzan, enpleguan, etxebizitzan eta osasun-arretan. Esate baterako, Batzordeak laguntza emanen die estatu kideei osasun arloko alborapenak ezabatzeko eta enplegu-aukerak irisgarriago egiteko. Halaber, talde kalteberek etxebizitzaren arloan dituzten arriskuak eta konponbideak ebaluatzeko azterlan bat eginen du. Estrategiak berdintasunari buruzko datuen bilketa, azterketa eta erabilera hobetzen ere lagunduko du, esparru legegile nazionalen arabera, diskriminazioa hobeki ulertzeko eta borrokatzeko.
Arrazakeriarik eta arraza-diskriminaziorik gabeko Batasun bat lortzea ahalegin bateratua da. Estrategiak gizartearen maila guztietan lankidetzaren beharra nabarmentzen du. Ekin beharra dute nazioarteko erakundeek, Europako instituzio eta agentziek, estatu kideek, herrialde hautagaiek, tokiko eta eskualdeko agintariek, berdintasun-erakundeek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak. Arrazismoaren aurkako koordinatzaileak elkarrizketa eraikitzailea eta interakzioa sustatzen jarraituko du EBko erakundeen, estatu kideen, gizarte zibilaren eta mundu akademikoaren artean. Gainera, hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparruan, Batzordeak proposatu zuen arrazakeriaren aurka borrokatzen duten gizarte zibileko erakundeei ematen zaien laguntza handitzea, AgoraEUren «Demokrazia, Herritartasuna, Berdintasuna, Eskubideak eta Balioak» kapituluaren baitan.