Europako Batzordeak 2026rako proposamen-deialdi batzuk jarri ditu abian, Europar Batasunean eta mundu osoan nekazaritzako elikagai jasangarriak eta kalitate handikoak sustatzen dituzten kanpainak eta ekitaldiak laguntzeko. 160 milioi euro arte jarriko dira eskuragarri, ekoizle-elkarteen eta nekazaritzako elikagaien merkatuko beste erakunde batzuen programentzako dirulaguntzen bidez, bai EBko barne merkatuan, bai hazkunde potentzial handia duten EBtik kanpoko funtsezko merkatuetan, hala nola Erresuma Batuan, Japonian, Hego Korean, Txinan, Singapurren eta Ipar Amerikan.
Deialdiak 2026ko sustapen-politikaren lan-programaren parte dira, zeinaren arabera Batzordeak 205 milioi euro esleituko dituen EBko nekazaritzako elikagaien sustapena kofinantzatzeko, inoizko esleipenik handiena kontsumitzaileek Europako nekazaritza-produktuak eta kalitate-araubideak hobeki ezagutzeko. Ekintza horiek «Goza ezazu, Europakoa da!» lelopean egiten dira, eta helburua da kontsumitzaileak EBko produktuen kalitateari buruz sentsibilizatzea eta EBko nekazariak eta nekazaritzako elikagaien enpresak saritzea ingurumen- eta segurtasun-arau zorrotzak betetzeko egiten dituzten ahaleginengatik.
Gainera, Batzordeak zuzenean kudeatutako ekimenak aurreikusten dira, bai eta sustapen- eta informazio-kanpainak ere hirugarren herrialdeetan, nekazaritzako elikagaien merkataritzako nazioarteko azoka garrantzitsuetan EBk parte hartzea, Christophe Hansen komisarioak hirugarren herrialdeetara bisitak egitea eta esportatzaileak merkatuan sartzeko eskuliburuak egitea.
Nekazaritzako elikagaiak sustatzeko politika lehentasun politikoa da Europar Batasunarentzat, Ursula von der Leyen lehendakariak Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian nabarmendu zuen bezala. Nekazaritzarako eta Elikadurarako Ikuspegiak funtsezko tresnatzat dauka EBko nekazaritzako elikagaien lehiakortasuna, erresilientzia eta dibertsifikazioa babesteko maila globalean.
Gaur abian jarritako deialdiak hiru hilabetez egonen dira irekita, eta EB osoan onar daitezkeen operadore sorta zabal bati zuzenduta daude. 2026ko urtarrilaren 27an eta 28an informazio-jardunaldi batzuk eginen dira Bruselan, aurrez aurre, online eta sei hizkuntzatara interpretatuta (ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera, italiera eta poloniera).