1. urtea abian da, eta Europak seinale argi bat bidali du gure lehentasunak serio hartzen ditugula adierazteko, alegia: Europaren lehiakortasunarekiko eta enpresa eta herritarrentzako hazkundea eta aukerak sortzearekiko konpromisoa, eta gure merkataritza dibertsifikatzearen eta mendekotasunak murriztearen aldeko apustua. Gero eta oldarkorragoa eta transakzionalagoa den mundu honetan, nazioarteko aliantzak indartzeko konpromiso argia ere serio hartzen dugu.

Duela hiru aste, Europako Kontseiluan, Mercosurreko kideei ziurtatu genien haiek ikustera joanen ginela eta elkarrekin historia eginen genuela. Harrezkero, estatu kideekin eta alderdi interesdunekin buru-belarri lanean aritu gara, promesa hori betetzeko. Gaur, lan gogor horren emaitzak lortu ditugu, eta pozik hartu dut Kontseiluaren erabakia, aurrera egiteko aukera ematen baitigu. Interes handiz espero dut akordio historiko hau laster sinatzea hasi berri den Paraguaiko presidentearekin, Lula presidentearen lidergo sendoaren eta harekin izandako lankidetza onaren ondoren.

Hogeita bost urte behar izan ditugu akordioa garatzeko, baina egiazko akordio bat lortu dugu, alderdi bientzat onuragarria, eta oparotasuna areagotuko du eta aukera handiak sortuko ditu. Horrela, komertzio eta lankidetzarako aro berri bati ekinen diogu Mercosurreko kideekin. Latinoamerikarekin dugun harremanaren sendotasunaren eta indarraren adierazgarri ere bada, eta akordioak are gehiago hurbilduko gaitu.

Mercosurren akordioari esker, 700 milioi pertsonako merkatua sortuko dugu, munduko merkataritza askeko eremurik handiena. Beraz, munduari helarazi nahi diogun mezua zera da: elkartzeak oparotasuna sortzen du eta irekitasunak aurrera egitea bultzatzen du.

Gure lehentasunak eta konpromisoak betetzeko Europaren pertseberantzia eta dedikazioa argiak dira. Merkataritza eta mendekotasunak arma bihurtzen ari diren eta bizi garen errealitatearen izaera arriskutsu eta transakzionala gero eta gordinagoa den egungo testuinguruan, akordio komertzial historiko horrek Europak norabide propioa markatzen duela eta kide fidagarria dela argi erakusten du.

Utz iezadazue labur-labur aipatzen akordio honek Europari ekarriko dizkion onurak, mesedegarria izanen delako bai gure herritarrentzat, bai gure enpresentzat eta estatu kide guztientzat. Gaur egun, Europako 60.000 enpresak esportatzen dute Mercosurrera. Horien erdiak enpresa txiki eta ertainak dira, eta muga-zerga txikiagoak izanen dituzte, urtean 4.000 milioi euro inguru aurreztuko dituzte esportazio-eskubideetan, eta aduana prozedura errazagoak izanen dituzte. Bestalde, gure enpresek oinarrizko lehengaiak eskuratzeko erraztasun handiagoak izanen dituzte, eta hori garrantzi handikoa izanen da.

Nekazarien eta nekazaritza-sektorearen kezkak entzun ditugu, eta horren arabera jokatu dugu. Akordioak beren bizi-baliabideak babesteko oinarri sendoak ditu. Inportazioen kontrolak ere areagotzen ari gara, inportatzaileek ere arauak errespetatu behar dituztelako.

Aldi berean, akordioak gure nekazariei eskaintzen dizkien aukerak aprobetxatuko ditugu. Adibidez, Europako 350 adierazpen geografiko barne hartzen ditu, EBko beste edozein merkataritza-akordiok barne hartzen dituenak baino gehiago.

Akordio horri esker, alderdi guztiak irabazle aterako dira. Mercosurreko merkataritza- eta inbertsio-bazkide nagusietako bat garenez, akordioak negozio-aukera gehiago emanen dizkigu eta Europak sektore estrategikoetan inbertitzea sustatuko du. EBk Mercosurrera egindako esportazioak ia 50.000 milioi euro handitzea espero da hemendik 2040ra, eta, era berean, Mercosurreko esportazioak 9.000 milioi euro handitzea.

Azkenik, lortutako akordioa berdinkideen arteko elkartzean oinarritutako merkataritza-akordio bat baino gehiago da. Elkarrizketa politikorako plataforma bat sortzen ari gara, Europaren eta Mercosurren arteko harremana indartzeko eta nazioarteko kideekin gehiago elkartzeko.