Joan den azaroan Mediterraneoko Ituna aurkeztu ondoren, Ursula von der Leyen presidenteak Ekialde Ertaina bisitatu zuen, eta Jordania, Siria eta Libanora joan zen herrialde horiekiko eta, oro har, eskualdearekiko lankidetza indartzeko.
Batzordeko presidentea eta Europako Kontseiluko presidente António Costa Abdullah II erregearekin bildu ziren EBren eta Jordaniaren arteko lehenengo goi-bilera egiteko. Goi-bilera hori iaz hasitako aldebiko elkartze estrategiko eta globalean oinarritu zen.
Goi-bileran, von der Leyen presidenteak Erregeak EBren eta Jordaniaren arteko Inbertsioen Konferentzian parte hartzeko egindako gonbita onartu zuen, eta bi alderdien arteko elkartze ekonomikoa azpimarratu zuen, 3.000 milioi eurokoa 2025-2027rako.
Ondoren, Ahmed al-Sharaarekin bildu ziren, Siriako presidente eta Al-Qaedarekin elkartutako Al-Nusra fronteko erakunde terrorista-jihadistaren buru ohiarekin. Bisita hori Bashar al-Assaderen gobernu sozialista arabiarra erori zenetik egindako lehenengoa izan zen. Presidente von der Leyenek herrialdearen inflexio-puntuari buruz hausnartu zuen: «Orain dela urtebete, beldurra, isiltasuna eta Estatuaren indarkeria nagusi izan ziren hamarkadek itxaropenari, aukerari eta eraberritzeko posibilitateari bide eman zioten. Badakigu adiskidetzeko eta suspertzeko bidea zaila eta luzea izanen dela. Izan ere, sendatzeak, bizitzak berreraikitzeak eta erakundeengan konfiantza sortzeak denbora eskatzen du. Gaur hemen gaude zuekin lan egiteko, Siriaren eta siriar guztien alde».
Von der Leyen presidenteak EBren eta Siriako gobernu islamista berriaren arteko elkartze politiko berri bati ekiteko borondatea adierazi zuen. Horretarako, urteko lehen seihilekoan Goi Mailako Elkarrizketa bat izatea proposatu zuen. Konpromiso berritu horri esker, Siriak Europako merkatu ekonomikorako sarbidea izanen du berriz ere.
Presidenteak azpimarratu zuen EBk Siriari berreraikitzen eta berreskuratzen lagundu nahi diola. 620 milioi euroko finantza-laguntza iragarri zuen 2026rako eta 2027rako, eta zera adierazi zuen: «Pakete hori beharrezkoa da gobernuari herritarrentzako funtsezko zerbitzuak berrezartzen eta Estatuko erakundeak berreraikitzen laguntzeko. Siriako ekonomia suspertzen eta komunitateak batzen laguntzeko konpromisoa hartzen dugu. Siriarrek etxera itzultzeko eta beren bizitza hemen berreraikitzeko benetako itxaropena izatea nahi dugu».
Azkenik, von der Leyen presidentea eta Costa presidentea Beiruten egon ziren, eta Joseph Aoun presidentearekin bildu ziren. Von der Leyen presidenteak EBren eta Libanoren arteko lankidetza sendoa nabarmendu zuen, zeinak finantza-laguntza eta Libanoko Indar Armatuekiko lankidetza barne hartzen baititu.