Oscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak Mugaziklo proiektu europarraren aurkezpenean parte hartu du. Proiektu horren helburua da kohesioa indartzea Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania Berriko mugetan, bizikletentzako azpiegiturak, intermodalitatea eta bizikletentzako zerbitzuak hobetuz Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaren bi aldeetan. Ekimenak 5,9 milioi eurotik gorako aurrekontua du, FEDER funtsek % 65ean kofinantzatuta, Interreg VI-A POCTEFA programaren bidez.

Nafarroan aurreikusitako jarduketak garatzeko, 1.558.671 euroko guztizko aurrekontuarekin, % 35eko kofinantzaketa jasoko da Foru Exekutiboaren Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aldetik. Ildo horretan, Chivite kontseilariak gogorarazi duenez, “esleitutako dirua aurrekontua baino zerbait gehiago da; mugaz gaindiko lankidetzatik politika egiteko modu bat da, baterako gobernantzatik eta toki-erakundeen inplikaziotik abiatuta; izan ere, zeregin erabakigarria dute proiektu honetan, mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta etorkizuneko ikuspegi komuna duten inguruko lurraldeen arteko lotura indartzeko”.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren titularrak nabarmendu duenez, “Mugaziklo mugaz gaindiko lankidetzaren adibide bat da, mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta etorkizuneko ikuspegi komuna duten inguruko lurraldeen arteko lotura indartzeko”. “Klima-aldaketari aurre egiteko apustu argia da, baita bizi-ohitura osasungarriak bultzatzeko eta lurraldeak tokiko, nazioko eta nazioarteko sareekin egituratzeko ere”, gaineratu du.

Proiektua aurkezteko Iruñean egin den ekitaldian, Oscar Chiviterekin batera izan dira Montagne Basqueko departamentuko kontseilari Annick Trounday-Idiart, Gipuzkoako Jasangarritasuneko foru diputatu José Ignacio Asensio, Syndicat Des Mobilités Pays Basque Adour erakundeko lehendakariorde Jean-Pierre Etchegaray, Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusi Berta Miranda, eta Lursareko zuzendari Laura Lorenzo.

Informazio gehiago