María Chivite Navascués Nafarroako lehendakaria Roberto Lanaspa automobilgintzako klusterreko presidentearekin bildu da, zeinak laguntza ematen dion Nafarroako Gobernuari Eskualdeen Europako Batzordean automobilgintzako ponentzia zuzentzeko lanetan.
Chivitek nazioarteko merkatuan Europako industria lehiakorra lortzea ezarri du helburu, bere prozesuetan trantsizio berdea eta digitala bultzatzeko gai izanen dena eta, aldi berean, langileen gizarte- eta lan-eskubideei begira erreferente izaten jarraituko duena.
Horretarako, 2026an, lehendakaria Europako automobilgintzaren industrian interesa duten ordezkari politiko, industrial, sozial eta sindikalekin bilduko da, egungo munduan Europako automobilgintzari buruzko jarrerak eta ikuspegiak adosten saiatzeko.
CO2 emisioen murrizketa, ibilgailu elektriko merkeen sustapena edo flota korporatiboen kudeaketa funtsezko alderdiak dira kutsaduraren aurkako Euro 7 arauei dagokienez, zeinak 2035ean jarriko baitira indarrean.
Bilera funtsezkoa da sektoreak Foru Komunitatean dituen interesak bilduko dituen ikuspegia adosteko; izan ere, Nafarroako Automobilgintzako Klusterra zeharkako elkarte bat da, automobilgintzari lotutako azpisektoreetako enpresak eta entitateak eta ezagutza- eta teknologia-hornitzaileak biltzen dituena, lankidetza-ereduaren bidez sektorearen bikaintasuna bilatzeko.
Eskualdeen Europako Batzordea eskualdeetako eta tokiko ordezkarien EBko batzarra da. 329 kidek —eskualdeetako eta tokiko ordezkariak dira— osatzen dute, eta demokratikoki hautatuak izan dira edo beren parlamentu edo batzarren arduradunak dira.