Europako Batzordea informazioa biltzen ari da EBko arrisku-kapitaleko eta hazkundeko funtsek aurre egin beharreko oztopoei buruz eta horiei heltzeko har daitezkeen neurriei buruz. Horretarako, Batzordeak bi kontsulta ireki ditu: bata alderdi interesdun nagusiei zuzenduta dago, hala nola funtsen kudeatzaileei, enpresei, inbertitzaile instituzionalei, agintari publikoei eta ikuskatzaileei; bestea publikoa da, edozein pertsonak parte hartzeko.
Ekarpenek Batzordearen lan politikoa lagunduko dute, Aurrezki eta Inbertsioen Batasunaren eta enpresa emergenteen eta hedatzen ari diren enpresen EBren estrategiaren esparruan, bereziki EBko enpresa berritzaileek finantzaketa jasotzea hobetzeko ahaleginei dagokienez.
Arrisku-kapitaleko eta hazkundeko funtsak oso garrantzitsuak dira EBko ekonomiaren eta ekimen berritzaile eta estrategikoen finantzaketari begira, enpresei garapenaren lehen faseetatik hazkunde-faseetara arte laguntzen baitiete. Funts horietarako Europako merkatua dinamikoagoa eta integratuagoa izatea funtsezkoa da, EBren hazteko ahala sustatzeko eta mundu mailan duen lehiakortasuna indartzeko. Finantzaketa hobea eskuratzeari esker, EBko enpresa berritzaileek Batasunaren barnean hedatzen eta enplegua sortzen jarraitzen ahalko dute.
Testuinguru horretan, Europako arrisku-kapitaleko funtsei buruzko Erregelamendua berrikustea aurreikusten du Batzordeak, Aurrezki eta Inbertsioen Batasunerako Estrategiaren esparruan (2026ko hirugarren hiruhilekoan onartzea espero da). EBren lehiakortasunaren eta hazkundearen gaineko eragina maximizatzeko, Batzordea ekimen politiko zabalagoa ezartzeko aukera ere aztertzen ari da, Europako arrisku-kapitaleko funtsen esparrutik harago, arrisku-kapitaleko eta hazkundeko funtsen kudeatzaile sorta zabalagoa barne hartuko lukeena.
Bi kontsultak 2026ko martxoaren 12ra arte egonen dira zabalik. Jasotako oharrak Batzordeak arrisku-kapitaleko eta hazkundeko funtsei dagokienez egiten duen lan politikoaren oinarri izanen dira.