Europako Batzordeak bi deialdi berri jarri ditu abian Horizon Europe lan-programaren «Mundu digitala, industria eta espazioa» klusterraren esparruan, eta 307,3 milioi euro esleitu ditu Europako berrikuntza eta lehiakortasun digitala indartzeko.
221,8 milioi euro bideratuko dira, guztira, adimen artifizialeko (AA) zerbitzu fidagarrien, datu berritzaileen zerbitzuen eta EBren autonomia estrategikoaren bermearen garapena sustatzeko ekimen bat martxan jartzeko. Deialdiak adimen artifiziala garatzen lagunduko duten proiektuak finantzatuko ditu, adimen artifiziala aplikatzeko estrategiari, robotikari, teknologia kuantikoei, fotonikari eta mundu birtualei laguntzeko ekintzak barne. 40 milioi euro baino gehiago bideratuko dira «Open Internet Stack» ekimenera, eta azken erabiltzaileentzako nahiz teknologien stack-erako aplikazioak garatuko dira, Europako ondasun erkide digital subiranoak laguntzeko.
Bigarren deialdian, 85,5 milioi euro gehiago jarriko dira eskuragarri, teknologia digitaletan eta sortzen ari diren teknologietan eta lehengaietan autonomia estrategiko irekia sustatzeko. Deialdi horrek hainbat arlo izanen ditu ardatz, hala nola hurrengo belaunaldiko AAko agenteak, industria- eta zerbitzu-aplikazioetarako robotika eta detekzio-funtzionalitate hobetuak dituzten material berrien garapena.
Deialdi horiek berrikuntza jasangarria eta Europako lidergoa bultzatzen dituzte teknologia digital estrategikoei begira, Batzordearen Lehiakortasunerako Iparrorratzarekin bat etorriz. Inbertsio horren bidez, Batzordeak teknologia estrategikoen lidergoa bermatu nahi du, gizakia ardatz duen berrikuntza jasangarriaren bidez.
Horizon Europe lan-programaren «Mundu digitala, industria eta espazioa» izeneko laugarren klusterra estrategikoki diseinatuta dago Europak funtsezko sektore digital estrategikoei begira (hala nola AA, kuantika, etorkizuneko sare digitalak, mundu birtualak eta funtsezko beste teknologia batzuk) duen lidergoa eta lehiakortasuna bizkortzeko. Deialdi horiek enpresentzat, administrazio publikoentzat, mundu akademikoarentzat eta EBko estatu kideetako eta herrialde elkartuetako beste erakunde batzuentzat zuzenduta eta irekita daude.
Hautagaitzak aurkezteko epea 2026ko apirilaren 15era arte egonen da zabalik.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Finantzaketa eta Lizitazioen ataria.