Partaidetza nafarra duten hamar proiektuk 342.843 euro jasoko dituzte guztira Europako funtsetatik, Nafarroa, Euskadi, Aragoi, Katalunia, Akitania Berria, Okzitania eta Andorrak osatzen duten Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) behin-behineko ebazpenean jasotzen denez, POCTEFA mikroproiektuen lehen deialdiari buruzkoa hain zuzen ere. Mugaz gaindiko erakunde horren Nafarroako lehendakaritzaren lehen ekitaldian, POCTEFA Proiektu Txikien Programazio Batzordea hartu du Iruñeak. Batzorde horrek behin-behineko ebazpen hau onartu du, guztira 34 proiektu biltzen dituena, 4 milioi euroko finantzaketa globalarekin. Hau da, hiru proiektuetatik ia batek nafar presentzia du.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok deialdi berri honen egokitasuna azpimarratu du, “lurralde osoko entitate eta eragileendako Europako funtsen irisgarritasun handiagoa bilatzen baitu, Nafarroak mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten baitu, eta nafar hautagaitzen % 90ek deialdi honetan finantzaketa lortu dutelako”.
Foru Komunitateko enpresa, kooperatiba edo elkarte txikiek eginen dituzten proiektuak sentsibilizazio-ekintzei buruzkoak; Pirinioetako uraren kudeaketaren erronken ingurukoak; artisau-produktuaren balorizazioari buruzkoak; ekologia eta artea uztartzen dituzten sorkuntza eszenikoak; gizarte-ekintzako jardunbide egokien transferentziak; edo familiako hizkuntza-egonaldien esperientzia murgiltzaileak aztertuko dituzte, besteak beste. Ondoko hauek dira partaidetza nafarra duten proiektuak: Edabe, Pryenaqua, Transeat, CORéCo, ESSkabi, Familigiroan, Transfmnas, Ecosystema, Lotu eta Famil’ion. Proiektuen zerrenda eta laburpen osoa esteka honetan kontsulta daitezke.
Nafarroaren konpromiso handia
Ollo lehendakariordeak bere hitzaldian adierazi duenez, “Nafarroaren konpromiso handia ez da kasualitatea, zabalagoa den zerbaiten parte baita; Nafarroako Gobernuaren Kanpo Harremanetarako 2025-2028rako II. Planaren esparruan gauzatzen eta jasotzen diren neurrien parte da. Bigarren plan horretan mugaz gaindiko Nafarroari ardatz espezifiko bat eskaintzeko ideiarekin jarraitzen dugu”.
“Europako lurralde-lankidetzaren ahalmen osoa aprobetxatzeko helburua du Nafarroak, gure kokapen geografiko pribilegiatuaz baliatuta. Bestalde, izaera propioa eman nahi die Foru Komunitateak parte hartzen duen foro eta espazioei, bereziki Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen (2024-2026) eta Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) lehendakaritzetan”, gaineratu du Ollok. Era berean, adierazi du ekintza hori ez duela Foru Gobernuak bakarrik egiten, baizik eta “nafar eragile sozioekonomikoen parte-hartze handiak eta arrakastak” berresten duela. Eragileak zoriondu ditu.
“Ideia handiak, proiektu txikiak” bira
Gogoratu behar da, POCTEFA programaren deialdi aitzindaria denez, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egin zuela Nafarroako eskualdeetan, tokiko garapenerako agentziekin eta enpresa elkarteekin lankidetzan. Helburua deialdian parte hartzeko aukerak Nafarroako sare sozioekonomikoko eragileei hurbiltzea eta jakinaraztea zen, bereziki ETEei eta tokiko elkarte eta entitateei. Martxotik apirilera bitartean Ezkaroze, Tutera, Bertizarana, Erriberri, Lizarra eta Irurtzun bisitatu ziren.
“Cederna Garalur, EDER, TEDER, Erdialdeko Partzuergoa, SAKANA GARATZEN, AEZMNA, AER, LASEME eta Sakanako Enpresen Elkartearen lankidetzari esker, deialdi berri hau ezagutaraztea eta Nafarroako eragileak parte hartzera animatzea lortu dugu, eta oso emaitza onak lortu dituzte”, adierazi du Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak Programazio Batzordearen bileran.
INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programak proiektu txikietarako atal bat du, eta, POCTEFA tradizionalen eskema berbera mantentzen bada ere, tamaina eta kudeaketa erabilerrazagoak dituzte. Proiektu txikien hautagaitzak sustatzaile publiko eta/edo pribatuek osatutako erakunde juridikoen lankidetzak aurkeztu behar zituen, programak lehentasun bakoitzerako zehazten duenaren arabera. Hala, estatu desberdinetako (Espainia, Frantzia edo Andorra) bi erakundek edo mugaz gaindiko erakunde juridiko batek osatu behar dute lankidetza, bazkide bakar gisa. Taldeburua Espainia, Frantzia edo Andorra izaten ahal da, eta proiektuaren arduraduna izanen da Kudeaketa Agintaritzari begira.
Finantzaketaren % 65 EGEF funtsetatik dator
Hala, Europar Batasunak proiektu bakoitzaren aurrekontu osoaren % 65 finantzatuko du, Pirinioetako Lan Elkarteak kudeatutako EGEF funtsen bidez; guztira, 4 milioi euro daude erabilgarri, modalitate horretarako Interreg POCTEFA programaren barnean. Proiektuen aurrekontuak 15.000 eurotik 200.000 eurora bitartekoa izan behar du. Proiektuek 24 hilabete iraunen dute gehienez.
Bestalde, erakunde hautagaiek, proiektuak proposatzean, programaren lehentasunak hartu behar zituzten kontuan, besteak beste: ezagutza eta berrikuntzarako gune komun bat sortzea; balio ekologikoak babestu eta sendotzea; enplegua eta kalitatezko prestakuntza eskuratzeko bidea erraztea; sozialki integratutako gune inklusibo bat eraikitzea eta turismo jasangarria eta kultura bultzatzea.
Aurrekariak eta hurrengo deialdiak
Gogoratu behar da, sortu berri den kategoria horretaz gain, alde batetik, POCTEFA proiektu tradizionalak daudela, deialdi bikoitzarekin (61 proiektuk parte-hartze nafarra dute, eta ia 18 milioi euroko finantzaketa). Proiektu horien ebazpena ere duela gutxi jakinarazi zen. Eta, bestetik, POCTEFA 2021-2027 planaren Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko proiektuak daudela (Nafarroako sei proiektutarako 2,2 milioi eurorekin), Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparruan.
POCTEFA 2021-2027 Europako programaren hurrengo eta azken deialdiak, “Interreg Helburua” izenekoak, azaroaren 19an itxi zuen hautagaitzak aurkezteko epea.
Proiektu horrek 11,6 milioi euroko aurrekontua du, 2026ko lehen seihilekoan ebaztea aurreikusten da, eta batera finantzatuko ditu honako helburu hauek dituzten proiektuak: lankidetza-egiturak sendotzea eta mugaz gaindiko lurraldearen ezagutza hobetzea; mugaren ondoriozko oztopo juridiko eta administratiboak ezabatzea eta mugaz gaindiko zerbitzu publikoak modu eraginkorragoan ematea.