2025eko abenduaren 1etik aurrera, beira-putzegileek, buztingileek, aiztogileek, bitxigileek eta Europako gainerako eskulangileek beren produktuen izenak erregistratzen ahalko dituzte EBko adierazpen geografikoen (AG) sistema berrian. Babes horrek —orain arte elikagai eta edarietarako soilik erabiltzen zen— artisau-produktuak eta produktu industrialak ere hartuko ditu barne lehenbiziko aldiz, AGen merkatu bakarra osatuz.
Sistema berriak produktu enblematikoak babestuko ditu, hala nola Bohemiako kristala, Limogeseko portzelana, Solingengo aiztogintzako artikuluak eta Donegaleko tweeda, zeinen ospea eta kalitatea jatorrizko lekutik baitatoz. Horrela, teknika tradizionalak babestuko dira, tokiko enplegua sustatuko da eta kontsumitzaileei kalitate handiko produktu europarrak igartzen lagunduko zaie. Ondarea aukera bihurtzearen bidez, sistemak eskualdeetako ekonomiak indartuko ditu, Europako kultura-nortasuna babestuko du eta faltsifikazioaren aurka borrokatuko du, bai linean bai lineaz kanpo, Europar Batasunean bertan eta mundu osoan.
Ekoizleek elkarte aitortu baten bidez babesteko eskatzen ahal dute, edo, produktu jakin baten ekoizle bakarra badira, banaka babesteko. Eskaerek «baldintza-agiri» bat izan behar dute, izena, ekoizpen-prozesuak eta jatorrizko eskualde geografikoa zehaztuta, eta agintaritza nazional eskudunari aurkeztu behar zaizkio.
Erregistratzeko prozesuak bi fase ditu:
- Fase nazionala: lehenik, agintaritza eskudunak eskaera berrikusiko du eta oposizioko prozedura nazional bat gauzatuko du.
- Batasunaren fasea: lehen fasea burutu ondoren, eskaera EUIPOri bidaliko zaio, zeinak Europa mailako oposizioko prozedura administratuko baitu eta artisautza- eta industria-produktuen AGren izenaren babesa eta erregistroa zehaztuko baititu.
Danimarkak, Finlandiak, Lituaniak, Luxenburgok, Maltak, Herbehereek eta Suediak fase nazionaletik salbuestea lortu dute, eta, beraz, ekoizleek zuzenean eskatzen ahalko dute erregistratzeko Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO), zeinak prozedura osoa kudeatzen baitu.
Babesak eta erregistroak Batasunaren politika publikoari edo merkataritza- eta kanpo-harremanei eragin diezaieketen kasu espezifikoetan esku hartzeko ahalmena izanen du Europako Batzordeak.
EUIPOk kudeatzen duen CIGI Hub-ean argibide gehigarriak, txantiloiak eta harremanetarako puntuen zerrenda eskaintzen dira. Laguntza finantzario eta teknikoari buruzko informazioa ere kontsulta daiteke.