Nafarroa buru dutela, eskualdeek industria berriztagarriaren sektorea egoera kritikoan dagoela ohartarazi dute, eta neurriak eskatu dituzte Europan teknologia garbien fabrikazioa eraginkortasunez bultzatzeko

Nafarroak eta Europako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 20 inguru biltzen duten Europar Batasuneko 15 eskualdek ohartarazpen irmoa egin diote Europako Batzordeari: Europako industria berriztagarria kolapsatzeko zorian dago, eta premiazko eta asmo handiko neurriak behar ditu, iraunen badu.

Adierazpen bateratua Bruselan aurkeztu zuten, goi-mailako bilera batean, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria buru zela, Stéphane Séjourné Oparotasun eta Estrategia Industrialerako lehendakariorde exekutiboaren aholkulari Laia Pinósekin eta Valvanera Ulargui Trantsizio Garbi eta Lehiakorrerako lehen lehendakariordearen kabineteko aditu Teresa Riberarekin batera. Baden-Wüttemberg (Alemania), Gaztela eta Leon, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Emilia-Romagna (Italia), Galizia, Hamburg (Alemania), Kärnten (Austria), Mecklenburg-Vorpommern (Alemania), Nafarroa, Normandie (Frantzia), Nordhein-Westfalen (Alemania), Nouvelle-Aquitaine (Frantzia), Oberösterreich (Austria), Provincia Autonoma di Trento (Italia) eta Sachsen-Anhalt (Alemania) eskualdeek aldarrikatu dute Clean Industrial Dealek Europako teknologia garbien balio-katea babesteko tresna bihurtu behar duela.

“Sektorea hilzorian dago, hiltzen ari da, ezin du gehiago. Europar Batasunetik kanpoko produktuak gure balio-katea zokoratzen ari dira, beste herrialde batzuetako industria politikek biziki sustatzen baitituzte, eta gure hornitzaileek ohartarazi digute lanpostuak eta merkatu-kuota galtzen ari direla.  Clean Industrial Dealek urrunago joan behar du, eta sektore berriztagarriaren katebegi guztiak babesteko azkar bat marraztu: ekintzaileak, ETEak, operadore handiak, zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin batera dabiltzanak. Azken batean, industria indartsua, bizkorra eta defenda dezagun ito-itoan erregutzen ari zaigun erreferentziazko balio-kate batekin prestatua. Politikariak garenez, gure betebeharra da gure gizartea eta eskualdeak babestuko dituzten politikak eskatu eta sortzea. Europak trantsizioaren buru izan nahi badu, bere katebegiak, balioa eta aberastasuna babestu behar ditu. Tokiko hornitzaileek egindako Made In Europe trantsizioa izan dadila”, adierazi zuen Irujo kontseilariak, irmo.

Ildo beretik, Industriako kontseilariak azpimarratu zuen 30 urtez goiti dela Foru Komunitatea sektore eolikoan nagusi: “Sektore honetan aitzindari izan den eskualde hau, Nafarroako Energia Berriztagarrien Klusterrarekin batera (Enercluster), duela bi urtetik, Europako Batzordearen aurrean aldarrikapen hau egiten ari gara: gurea babestekoa; balio-katea, gure industria eta gure jendea defendatzea”.

Europako Batzordeko kabineteekin Bruselan egindako bileraren ondoren Irujok gaineratu zuenez, “Nafarroa buru zela 16 eskualdeek aurkeztutako adierazpenak harrera ona izan zuen, eta estatu kideen jarraitzaile gehiago gehitzera animatu gintuzten. Horretarako lanean jarraituko dugu klusterrarekin batera, lortu arte”.

Egoera kritikoan dagoen industria: “Geure merkatutik kanporatzen ari zaizkigu”

Eskualdeek ohartarazi dute ezen, Europako berriztagarrien ahalmena urteetan zehar zabaltzen joan den arren, trantsizio horren buru izan beharko lukeen industria “alde batera uzten ari dira, sistematikoki”, Europar Batasunetik kanpoko produktuekin, Estatu Batuetako, Txinako edo Indiako industria-politikek biziki sustatzen baitituzte. Net Zero Industry Act (NZIA), Wind Power Action Plan (WPAP) eta European Solar Charter (ESC) lege-ekimenek ez dute joera hori iraultzerik lortu. Eskualdeen arabera, egungo araudiak ez du lehia justurik bermatzen, ez du Europako balio-katea babesten, eta ez du eskaintzen beste potentzia industrial batzuen parean jartzeko adinako pizgarririk. Ondorioz, manufaktura-ehunaren hondatzen ari da, oso bizkor, gaitasun estrategikoak galtzen ari dira, eta deslokalizazio masiborako arrisku handia sortu da.

Clean Industrial Deal, Europak ihes egiten utzi ezin dion aukera

Adierazpenean, eskualdeek eskatu dute Clean Industrial Dealek neurri espezifikoak, lotesleak eta berehala aplikatzekoak jaso ditzala, besteak beste: tresna eraginkorrak kontratazioan eta merkatuan baldintza berdinak bermatzeko; Europako fabrikazioari zuzenean laguntzeko mekanismoak; enplegua, I+G eta know-how estrategikoa babesteko neurriak; eta EBren independentzia energetikoa ziurtatzeko arkitektura industriala.

“Europa ezin da trantsizio energetikoaren gidari izan bere mugetatik kanpo fabrikatutako teknologien mende badago erabat”, ohartarazi dute eskualde sinatzaileek. Eskualdeen ekimen hori, bete-betean dago lotuta Europan autonomia estrategikoari eta industria-subiranotasunari buruz egiten ari diren eztabaidekin, zeinak Europar Batasunak egungo agintaldiko lehentasuntzat jo baititu.