NEXT topaketen III. edizioa Nafarroako Gobernuaren Kanpoan Bizi diren Nafarrentzako Estrategian kokatzen da

Astearte honetan, abenduaren 16a, III. Ikus-entzunezko NEXT Topaketa antolatu dute Nafarroako Ikus-entzunezko Klusterrak (CLAVNA) eta Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren bitartez, Madrilgo Movistar Arenan. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek eman zion hasiera instituzionala jardunaldiari.

Javier eta Itziar Lacunzak elkarrekin aurkeztu dute ekitaldia, eta Miguel Iturralde CLAVNAko presidenteak ere parte hartu du. Bestalde, “Hodei magoa” ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute bertaratuek , eta Arturo Cisneros CLAVNAko gerentea ikusleen dinamizazioaz arduratu da.

Madrilen bizi diren ikus-entzunezko sektoreko profesional nafarrei zuzendu zaie ekitaldia; hain zuzen, ikus-entzunezkoen industriari lotutako gaiak jorratu dira, eztabaida erraztu duen formatu dinamiko batean, CLAVNAren eskutik. Erakunde horren helburua Nafarroako ikus-entzunezko enpresen lehiakortasuna eta kalitatea areagotzea da, ehun sendoa eta kohesionatua sortuz.

EUROPA SORTZAILEA programak sektorearen eskura jartzen dituen Europako finantzaketa-aukerak ezagutzeaz gainera, bertaratuek aukera izan dute 2025ean lortutako gertaera gogoangarriak ezagutzeko eta balio erantsi handiko harreman profesionalak sortzeari (networking) eskainitako gune batean parte hartzeko.

Kanpo Ekintzaren II. Plana (2025-2028)

Aurtengo maiatzean Nafarroako Gobernuak onartutako 2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzako II. Planaren 3. ardatzak Nafarroa Globala du langai, atzerrian bizi diren nafarrekiko arreta eta harremana hobetzeko, Nafarroaren proiektuan parte har dezaten laguntzeko eta Foru Komunitatearen irudi erakargarri, askotariko eta garaikidea zabaltzeko.

Ardatz horretan, kanpoan bizi diren nafarren harremana eta trukea Next Topaketen bidez errazteko zeregina xedatzen du 3.1.6 ekintzak. Zehazki, sektoreko topaketak —kasu honetan ikus-entzunezkoen sektorekoa— ordezkari duen klusterrarekin lankidetzan antolatzen dira.

Gogoan izan behar da kanpoan bizi diren nafarrekiko harremanetarako politikaren garapen irmoa 2019an hasi zela, Kanpoan bizi Biren Nafarrentzako NEXT Estrategia onartu zenean, eta estrategia hori garatuz joan dela, harik eta 2023an kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko 3/2023 Foru Legea, otsailaren 22koa, eta ondorengo erregelamendu bidezko garapena onartu ziren arte eta, halaber, joan den martxoan Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseilua (Nafarroako diasporaren ordezkaritza- eta partaidetza-organoa) eratu zen arte.