Abenduaren 11n, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren (IRIS) IRIS EDIH Europako proiektuaren ekitaldi bat egin zen, eta han 2023 eta 2025 arteko aldian lortutako emaitzak erakutsi eta 2026-2028 aldirako bide orriaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Juan Luis Garcia Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak honako hau esan du ekitaldia hasteko eman duen hitzaldian: “IRIS EDIHk hiru urte eskasean erakutsi du Nafarroak, berrikuntzaz hitz egiteaz gain, ekintzen bidez praktikan jartzen duela. Polo hau benetako motor digital bihurtu da, eta, egun, gure enpresa eta administrazioentzako aukerei aurrea hartzeko, haiek konektatzeko eta berriak irekitzeko gai da”. Halaber, nabarmendu duenez, “aurrerapen hori posible izateko ezinbestekoak izan dira ekosistema berritzaile sendo bat, Europa Digitala programaren eta Industria eta Turismo Ministerioaren laguntza eta ADItech-ek arlo estrategikoetan egindako lan koordinatua, zehazkiago, adimen artifizialaren, superkonputazioaren edo doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren alorretan, esaterako”.

Hitzaldiaren ondoren, Andrea Urrechok, ADItech-eko Berrikuntza Digitaleko arduradun eta IRIS EDIH proiektuaren koordinatzaileak, proiektuaren emaitza nagusien balantzea egin du, mahai-inguru batean. Emaitzon artean bereziki nabarmendu du, eskainitako zerbitzuen kopuruaz eta horiek enpresei digitalizazioan aurrera egiteko eman dien aukeraz gain, Nafarroak bezala EDIH (European Digital Innovation Hub) izendatu diren Europar Batasuneko beste lurralde batzuekin konektatzeko aukera. Urrechok gogorarazi duenez, Europako Batzordearen iritziz EDIHak Europa eta, bereziki, ETEak digitalizatzeko tresnak dira. Guztira, IRIS EDIHk 24 aliantza sortzea ahalbidetu du, 8 estatuan eta 16 Europan. Urrechoren hitzen ondoren, Nancy Tarjenian eta Nafarroako Unibertsitateko Mikel Hernáez, proiektuaren bazkide diren AINeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak, hurrenez hurren, eskainitako zerbitzuen balantzea aurkezten aritu dira. Mahai-ingurua burutzeko, Eduard Melnicenco ADItech-eko proiektu-teknikariak zerbitzu horien onuradun izan diren enpresen gogobetetze-maila azaldu du.

Ekitaldian, gainera, Diego Garridok ere parte hartu du, SINAI, I+G+Bko Nafarroako Sistema eta IRIS EDIH proiektua koordinazioaz arduratzen den ADItech erakundeko zuzendariak, eta ekimen horiek Nafarroako enpresen aurrerapena errazteko duten garrantzia azpimarratu du.

Informazio gehiago