Kontseiluak behin betiko baimendu du InvestEU programa sinplifikatzen duen araudi berrikusia, EBko inbertsio-programen inguruko legedia sinplifikatzeko helburua duen «Omnibus II» neurri-sortaren parte gisa. Arau berriek are gehiago bultzatuko dute EBren lehiakortasuna, inbertsio publiko eta pribatu gehigarriak mobilizatzeko duen inbertsio-ahalmena areagotuko baita.
EBren zenbait politika babesten jarraituko du InvestEU programa sinplifikatuak; bereziki, Lehiakortasun Iparrorratzari, Industria Itun Garbiari, defentsarako industria-politikari eta mugikortasun militarri loturikoak. Berrikusitako araudiak, halaber, estatu kideek programari ekarpenak egitea erraztuko du eta eskakizun administratiboan sinplifikatuko ditu.
Berrikusitako araudiak Invest EU programa hobetu eta indartu du ekintza hauen bidez:
- EBren bermea 2.900 milioi euro areagotzea (26.200 milioi eurotik 29.100 milioira), eta
- Invest EU bermearen eta eskuragarri dagoen ahalmenaren erabilera konbinatua erraztea oinordetzan hartutako hiru programaren arabera: Inbertsio Estrategikoen Europako Funtsa (FEIE), «Konektatu Europa» Mekanismoaren (MCE) zor-tresna eta BEI taldeak ikerketa eta berrikuntza babesteko abiarazitako InnovFin zor-mekanismoa
Bazkide inplementatzaileen, bitartekari finantzarioen eta azken onuradunen karga administratiboa ere murriztuko du berrikusitako araudiak, 350 milioi euro aurreztea aurreikusten baita. Zehazki, ETEen definizio berrikusia hartzen du barnean araudiak eta 300.000 euro gainditzen ez dituzten tamaina txikiko eragiketen berri emateko adierazleen kopurua murriztu du bazkide inplementatzaileentzat.
Azkenik, bazkide inplementatzaileek txostenak aurkeztearen inguruan dituzten betebeharren maiztasuna eta irismena murriztu du berrikusitako legeak; zehazki, txostenak sei hilez behin aurkezteko betebeharra urtean behin aurkezteko betebeharrera igaro da.