Azken Eurobarometroaren arabera, EBko herritarren ia hiru laurdenek uste dute beren herrialdeak onura atera diola EBko kide izateari. Euroaren babesa eta defentsa eta segurtasun komunak inoiz erregistratutako maila altuenetan daude. Ingurune geopolitiko eztabaidagarri honetan, EBko herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute EB sendoago eta asertiboago bat, independentzia ekonomiko indartua eta defentsarako eta segurtasunerako politika komun bat izanen dituena.
EBko herritarrek onurak ikusten dizkiote EBko kide izateari.
Europarren % 74k diote beren herrialdeak onura atera diola EBko kide izateari. EBko hamar herritarretik ia seik (% 59) optimismoz ikusten dute EBren etorkizuna eta inkestan parte hartu duten pertsonen ia hiru laurdenek (% 73) diote EBko biztanletzat dutela beren burua. EBrekiko konfiantzak altua izaten jarraitzen du, % 48k baitiote konfiantza.
Inkestan parte hartu duten pertsonen bi herenek (% 67) uste dute Europar Batasuna egonkortasunezko gune bat dela mundu aztoratu batean. EBren independentzia ekonomikoa indartzearen babesa erabatekoa da: % 83k uste dute Batasunak mundu mailan dituen harreman komertzialak dibertsifikatu beharko lituzkeela.
Hamar europarretik ia zortzi (% 79) segurtasuneko eta defentsako estatu kideen arteko politika orokor baten aldekoak dira; 2004tik izandako bigarren emaitzarik altuena da. Bakea eta egonkortasuna bermatzea da oraindik ere, alde handiz, epe laburrean europarren bizitzan inpaktu positibo handiena izanen duen ekintza (% 42k hautatua), hauek dituelarik atzetik: enplegu-aukera gehiago sortzea (% 26), elikagaien, osasunaren eta industriaren hornidura bermatzea EBn (% 25) eta migrazio irregularraren kudeaketa (% 24).
EBren aurrekontu-lehentasunei dagokienez, biztanleek nahiko lukete EBren aurrekontua alor hauetan gastatzea: enplegua, gai sozialak eta osasun publikoa (% 42), hezkuntza, prestakuntza, gazteria, kultura eta komunikabideak (% 36) eta defentsa eta segurtasuna (% 35).
Azken Eurobarometroaren arabera, euroak inoizko babes historiko altuena du uneotan herritarren artean Europar Batasunean (% 74), eta bigarren altuena eurogunean (% 82). Europar ekonomiaren gaineko pertzepzioari dagokionez, europarren % 46k uste dute egoera positiboa dela. Bien bitartean, europarren % 46k egoera negatiboa dela uste dute. Herritar gehienek (% 49k) uste dute Europako egoera ekonomikoa egonkor mantenduko dela hurrengo hamabi hilabeteetan.
Errusiak Ukraina erasotzeari dagokionez, inkestan parte hartu duten pertsonen % 81 gerratik ihesi doazen pertsonak EBn hartzearen alde daude, eta europarren hiru laurdenek baino gehiagok (% 77) Ukrainari laguntza finantzario eta humanitarioa ematea babesten dute. EBko biztanleen % 73k Errusiako gobernuari, enpresei eta pertsonei zigor ekonomikoak jartzea babesten dute, hamarretik sei (% 59) bat datoz Ukrainari izangai-izaera ematearekin eta % 57 ados daude EBk Ukrainari ekipamendu militarra erostea eta hornitzea finantzatzearekin.
Errusiak Ukraina inbaditu izana da oraindik ere EBk aurre egin beharreko arazo nagusia (% 26k aipatua); horren ondotik, immigrazioa (% 20k aipatua), nazioarteko egoera (% 19) eta segurtasuna eta defentsa (% 18). Inkestan parte hartu duten europarren % 77k diote Errusiak Ukraina inbaditu izana mehatxua dela EBren segurtasunerako.