Etxebizitza Eskuragarrien Europako lehen plana aurkeztua duela, europarren premia larrienetariko bati heldu dio Batzordeak: kalitate oneko etxebizitza eskuragarri eta jasangarri bat izatea.
Europarrek zailtasunak dituzte ordaindu dezaketen etxebizitza bat aurkitzeko, etxebizitzaren prezioak % 60 baino gehiago eta alokairuak % 20tik gora igo baitira batez beste azken hamar urteetan. Etxebizitzaren krisialdiak kalte egiten die lan-mugikortasunari, hezkuntzarako sarbideari eta familiak osatzeari eta, halaber, EBko ekonomiaren lehiakortasuna eta kohesio soziala oztopatzen ari da. Krisialdi horri aurre egiteko, ahalegin zinez europarra behar da, baina tokiko errealitateetan zentratua.
Horregatik, estatu kideak, eskualdeak eta hiriak babestuko ditu Batzordeak, neurriak hartuz EBren balio erantsia ekar dezaketen tokietan. Hauek dira planaren ardatzak: etxebizitzaren eskaintza areagotzea, inbertsioa eta eraberritzea bultzatzea, bizitoki-eremu tentsionatuetan iraupen laburreko alokairuak aztertzea eta zailtasun handienak dituzten pertsonei laguntzea.
Eraikuntzaren eta eraberritzearen sektorea produktiboagoa eta berritzaileagoa izan dadin lortzeko neurriak proposatzen ditu planak, etxebizitzen eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka landuko duena Etxebizitzak Eraikitzeko Europako Estrategiaren bidez. Europako Bauhaus Berriari buruzko komunikazio bat eta Kontseiluaren gomendio bat ere jasotzen da neurri-sortan. Europako Bauhaus Berriak proiektu jasangarri, eskuragarri eta kalitate handikoak babesten ditu —bereziki, dagoeneko eraikita dauden inguruneetan—, trantsizio garbia, berrikuntza eta bioekonomia errazte aldera. Europako Bauhaus Berriaren Akademiak eraikuntzaren ekosistemako eskumenak berritu eta hobetzen ditu eraikuntza jasangarri eta zirkularra lortzeko eta, gainera, berrikuntza eta ikerketa bultzatzen ditu sektorean.
EBren estatuko laguntzei buruzko arauen berrazterketak etxebizitza eskuragarri eta sozialetarako laguntza finantzarioa erraztuko die estatu kideei. Batzordea lankidetzan arituko da estatuko, eskualdeko eta tokiko agintaritzekin, etxebizitza-eskaintza murrizten duten arau eta prozedurak errazteko, arreta berezia jarriko zaielarik plangintzari eta baimenei. Eremu tentsionatuak babestuko ditu epe laburreko alokairuei buruzko legegintza-ekimen berri batek.
Batzordeak inbertsio garrantzitsuak —43.000 milioi euro— egin ditu orain arte etxebizitzan, eta hala jarraituko du EBren epe luzerako hurrengo aurrekontuan ere. Inbertsio-plataforma paneuropar bat garatzen ere ari da Europako Inbertsio Bankuarekin, estatuko eta eskualdeko sustapen-bankuekin eta beste finantza-erakunde batzuekin lankidetzan.
Krisialdiaren azpiko arazoaren arrazoiak modu holistikoan landuko dituenez, bereziki onuragarria izanen da kaltetuenentzat: gazteak, ikasleak, funtsezko langileak, diru-sarrera baxuak dituzten pertsonak eta egoera ahuleko beste talde batzuk. Etxebizitza sozialetarako eta ikasleentzako etxebizitzetarako inbertsio berriak eginen ditu Batzordeak eta etxerik ez duten pertsonentzako soluzio hobeak lantzen lagunduko die estatu kideei, «lehenik eta behin, etxebizitza» printzipioa oinarritzat hartuz.