EBren Urte Anitzeko hurrengo Finantza Esparrua eta automobilaren sektorearen etorkizun elektrikoa ere jorratu ditu Bruselan.
Nafarroako lehendakari María Chivite Navascuések Europan defendatu duenez, “maila anitzeko gobernantzak, eskualdeetako eta tokiko erakundeen espezializazioak eta ahalduntzeak funtsezkoak izan behar dute Europako egitura instituzional eta operatiboan”. Hala adierazi du Europako Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuran, asteazkenean, Bruselan, eta “lurraldeko ekosistemen finantzaketa eta inbertsioa” bermatzearen garrantzia azpimarratu du.
“Maila anitzeko gobernantzarik gabe, kudeaketa txarragoa eta ezberdinkeria handiagoa izanen dugu”, azpimarratu du, eta aldarrikatu du eskualdeek “eragile politiko” izan behar dutela, “oparotasun partekatuarekiko, kohesioarekiko, egituratzearekiko eta espezifikotasunaren eta aniztasunaren aitorpenarekiko konpromisotik abiatuta, horiek Europako proiektu komuna aberasten baitute”.
Halaber, Europar Batasunaren 2028-2034 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruaren proposamena aipatu du Chivitek. Zehazki, lehendakariak nabarmendu du deszentralizazioak “kudeaketa demokratikoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa” erdiesten laguntzen duela. Horrez gain, azpimarratu nahi izan du Foru Komunitatea ez datorrela bat kudeaketa partekaturako murrizketekin, NPBrekin, kohesio-funtsekin eta garapenerako programa gakoekin. “Eskualde-maila funtsezkoa da, eta eskualdeok maila anitzeko gobernantzan eragile izan behar dugu”, nabarmendu du.
“Nafarroa europazalea da”, gaineratu du. “Europako funtsen eta politiken onurak ikusten ditugu, gure errealitatean lurreratzen ditugulako. Europa ez dadila Nafarroatik aldendu, Nafarroa Europatik aldendu ez dadin”.
Jardunaldiaren hasieran, Bruselan, Batzordearen Espainiako ordezkaritzak hartu du parte, eta azpimarratu du eskualdeak “ezinbesteko eragileak” direla, eta “lurraldea hurbiletik ezagutzea funtsezkoa dela lehentasunak lurreratzeko eta funtsak eraginkortasun handiagoz iristeko eta hezurmamitzeko”.
“Eragile aktiboak izan behar dugu”, azaldu du. “Herritarrek Europako politikak beren lurraldetik aldendu direla sumatzen badute, Europako proiektutik ere aldenduko dira, eta ezin dugu halakorik gertatzea onartu, , Europak bizi duen une erabakigarri honetan”.
Nafarroaren intereseko gai nagusien artean, Urte Anitzeko hurrengo Finantza Esparruari dagokionez, Chivitek adierazi du Foru Komunitatea kezkatuta dagoela Nekazaritza Politika Bateratuaren egoeragatik. “Sektorearekin lanean ari gara, uste baitugu ezin dela murrizketarik egon, politika ezartzean erregionalizazioa kontuan hartu behar dela, eta gai garrantzitsuak jorratu behar dituela, hala nola elikagaien segurtasuna, ekoizpen jasangarria, belaunaldien arteko erreleboa, lehiakortasuna, familiako ustiategiei zein ustiategi profesionalei balioa ematea, nekazaritza berdea eta sinplifikazio administratiboa”.
Halaber, funtsezkotzat jo du Europak “etxebizitza eskuragarrirako politikekin” konpromiso finantzarioa hartzea, “herritarren kezka nagusietako bat” baita, eta administrazio guztiek horri buruzko “neurriak modu koordinatuan eta lankidetzan” hartu beharko bailituzkete, “eskubide hori Batasun osoan egiazkoa izan dadin”.
Azkenik, lehendakariak Lehiakortasunerako Europako Funtsaren garrantzia ere aztertu du. Hain zuzen, adierazi duenez, Nafarroak “espezializazio adimentsuko estrategia bat du, ongi dabilena, eta ekosistementzako baliabideekin eta gaitasunekin indartzen ari garen industria-politika bat ere bai”; orobat baieztatu du “funtsezkoa” dela Europak I+G+Bko inbertsio publiko pribatuaren alde egitea, “indarra berreskuratzeko automobilgintzan edo energia berriztagarrien sektorean, esaterako, gu baino hainbat urte aurrerago baitabiltza beste zenbait herrialde, adibidez, Txina”.
Bestalde, automobilgintzaren sektoreari dagokionez, Chivitek esan du “etorkizuna elektrikoa” dela, eta balio-katea bultzatu behar dela, “berrikuntza, deskarbonizazioa eta lehiakortasuna oinarri hartuta, tokiko hornitzaileak eta enpresa txiki eta ertainak, prestakuntza eta birkualifikazioa eta enplegua kontuan hartuta”. Horri dagokionez, gogorarazi du Nafarroak agerian utzi duela “posible dela industriako BPGan, enpleguan eta lehiakortasunean hazkundea lortzea energia berdetik, deskarbonizazio industrialetik eta automobilgintza sektorearen balio-katearen elektrifikaziotik abiatuta”.
Europako Eskualdeen Batzordea
Europako Eskualdeen Batzordea (EEB) da eskualde eta hiriek Europar Batasunean parte hartzeko duten erakunde nagusia da. Europar Batasun osoko toki- eta eskualde-erakundeak ordezkatzeaz gain, aholkularitza ematen du eskualdeetan eta tokiko eremuan eragina duten Europako legeriaren arauei buruz.
EBko herrialde guztietako 329 kidek osatzen dute batzarra, eta urtean sei aldiz biltzen da, Bruselan. Zehazki, 21 kidek ordezkatzen dute Espainia: autonomia-erkidego bakoitzeko batek eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak izendatutako lauk.