Batzordeak neurri ugariko pakete bat onetsi du EBko finantza-zerbitzuen merkatu bakarraren potentzial guztiaz baliatzeko eta oztopoak ezabatzeko. Pakete hori Aurrezki eta Inbertsio Batasunaren Estrategiaren (AIB) osagai nagusietako bat da. Estrategia horren helburua da finantza-sistema integratuago, eraginkorrago eta lehiakorrago bat sortzea, EBko herritarrei aukera hobeak eskainiko dizkiena aberastasuna handitu dezaten, eta enpresei, finantzaketa lortzeko laguntza handiagoa.

Kapital-merkatu integratuagoak izatea funtsezkoa da EBren sendotasun ekonomikoa eta lehiakortasuna indartzeko eta lehentasun estrategikoak betetzeko, hala nola trantsizio digitala eta ekologikoa, defentsa eta segurtasuna. Finantza-merkatuak gehiago integratzea ez da helburu bat, bere horretan, baizik eta bitarteko bat, finantza-zerbitzuen merkatu bakar bat sortzeko, nazio bakoitzeko merkatuen batura baino handiagoa. Kapital-merkatuetarako sarbidea sinplifikatzeak kostuak murrizten ditu eta merkatuak erakargarriagoak bihurtzen ditu estatu kide guztietako inbertitzaileentzat eta enpresentzat, edozein tamainatakoak direla ere.

Azken aurrerapenak gorabehera, EBko finantza-merkatuak oso zatituta daude, txikiak dira eta ez batere lehiakorrak; beraz, eskalako ekonomia posibleak eta eraginkortasuna hobetzeko aukerak galtzen dira. 2024an, balore-burtsen burtsa-kapitalizazioa EBko BPGaren % 73 izan zen, eta Estatu Batuetan, berriz, % 270. Finantza-erakundeek betekizun eta jardunbide desberdinak dituzte oraindik ere estatu kideetan; horrek mugaz gaindiko eragiketak oztopatzen ditu eta aukerak mugatzen dizkie herritarrei zein enpresei, eta, ondorioz, kalte egiten zaio EBren ekonomiari eta lehiakortasunari.

AIBaren estrategian iragarri zenetik bederatzi hilabete geroago bakarrik heldu da EBren arau- eta gainbegiraketa-esparrua nabarmen soiltzen duen pakete hau; agerian gelditzen da, beraz, gai horrek zer garrantzi politiko duen eta zer premiazkoa den.