Orotara 230 profesional trebatu dira Europako proiektuen kudeaketan, azken sei urteetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzari esker. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak eta NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak elkarrekin antolatutako prestakuntza-ikastaro honen helburua da Nafarroak Europako proiektuak kudeatzeko behar bezala prestatutako profesionalak izatea.
Gaur arratsaldean burutu da Europako Proiektuen Sustapen eta Kudeaketari buruzko Etengabeko Prestakuntza Ikastaroaren seigarren edizioa, eta ekitaldi instituzional batean parte hartu dute Javier Goicoechea NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. Saio horretan, NUPeko Proiektuen Zuzendaritzako Masterreko zuzendari Sara Marcelinok eta Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek ere parte hartu dute. Itxiera-ekitaldia NUPeko Arrosadiko campuseko El Sario eraikinean izan da, Iruñean.
Ollo kontseilariak azpimarratu duenez, “2025-2028 aldirako Nafarroako Kanpo Harremanetarako II. Planean, zeina joan den maiatzean onartu baitzuen Foru Gobernuak, aurreikusi genuen Europako proiektuetarako NUPekin lankidetzan jarraitzea, 2020tik egiten dugun moduan. Ikastaro honen seigarren edizioa izatea ekimenak harrera ona eduki duen seinale da; izan ere, edizio honen hondarrean 230 izanen dira Nafarroan Europako proiektuen kudeaketako profesionalak”.
Europar Batasunaren 2021-2027 aldirako Urte Anitzeko Esparruak oso finantzaketa-aukera interesgarriak eskaintzen ditu Nafarroako enpresentzat, bai eta Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) eragileentzat eta Administrazioarentzat berarentzat ere. Prestakuntza teorikoa, besteak beste, Europako lurralde-lankidetzako programetan (Iterreg POCTEFA, SUDOE, ATLANTIC eta EUROPA), eta Horizon Europe, Digital Europe eta ingurumenerako LIFE programan adituak diren hainbat hizlarik eman dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola Europar Batasunak ezarritako irizpideen eta eskakizunen arabera bideratzeko behar diren gaitasunetan trebatzeko.
Gogorarazi beharra dago 2019tik 23 milioi euro eta erdi baino gehiago bildu dituztela Nafarroako Gobernuak parte hartzen duen proiektuek. Tarte horretan, batez beste 26 proiektu aurkeztu dira urtero, eta ia erdiak jo dira irabazletzat eta, hortaz, Europako finantzaketa jaso dute”.
2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzako Plana
Prestakuntza hori 2025-2028 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren “Nafarroa Europan” ardatzaren 3. jarduketa-ildoari dagokio: “Europar Batasunari, bere politikei eta erakundeei buruzko prestakuntza” izenekoari. Hain zuzen, jarduera-ildo horrek helburu bikoitza du: batetik, Nafarroako Foru Komunitateko eragile sozioekonomikoek eta funtzionarioek Europar Batasunari eta bere politika eta erakundeei buruzko ezagutza handiagoa izatea; eta, bestetik, Nafarroan gero eta pertsona gehiago trebatuta egotea norgehiagoka bidezko Europako finantzaketa-mekanismoetan.
NUPeko ikastaroaren seigarren edizio honetan parte hartu dutenez gain, 2019az geroztik beste 200 profesionalek baino gehiagok jaso dute Europako proiektuen sustapenari eta kudeaketari buruzko prestakuntza espezifikoa Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko langileek emandako edo diseinatutako ikastaroen bitartez. Prestakuntza horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (INAP) Prestakuntza Zerbitzuak eta Europar Batasuneko Nafarroaren Bulego Iraunkorrak eskaintzen dituzte, Bruselan. Foru Gobernuaren Europako Proiektuen Bulegoarekin elkarlanean, EBko Nafarroaren Bulegoak online mintegiak antolatu ditu finantzaketa-aukerei eta Europako politikei buruz. Gogoratu behar da mintegi horien hurrengo saioa 2026ko urtarrilaren 16an eginen dela, 11.00etatik 12:30era arte, eta haren gaia “Europako Batzordearen 2026rako lehentasunak” izanen dela.