Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak EBren 2026rako legegintzako lehentasunei buruzko baterako adierazpen bat egin dute.

Europar Batasunak dituen erronken abiadura eta konplexutasuna direla eta, batasuna, premia eta anbizioa funtsezkoak dira. Hain zuzen, ideia horrekin sinatu dute gaur Baterako Adierazpena Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak, Mette Frederiksen lehen ministro daniarrak Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetza daniarra ordezkatuz eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Kontseilu Europarrarekin paraleloan.

Baterako Adierazpenak lehenesten ditu EBren lehiakortasuna eta erresilientzia sustatzen eta herritarrak eta enpresak babesten zentratutako legegintzako ekintzak, asmo handiko sinplifikatze-helburuak ditu eta lanean dihardu urte anitzeko hurrengo finantza-esparruari buruzko akordio bat bizkor lortzeko. Lehentasun handiena emanen zaie Europako defentsaren eta segurtasunaren aro berrirako funtsezko helburu politikoei, oparotasun, lehiakortasun eta sinplifikazio jasangarriak bermatze aldera Europan, gure gizarteak, eredu soziala eta bizi-kalitatea indartzeko, mugen eta migrazioaren ikuspegi integral bat bermatzeko, gure demokrazia babesteko, gure balioak defendatzeko eta gure eragina eta aliantza globalak sustatzeko.

Dokumentu erantsian zerrendatutako legegintzako proposamenak nabarmentzen ditu adierazpenak; 2026an haiei arreta berezia emateko eta haiek lehenesteko konpromisoa hartu dute hiru erakunde europarrek. Urtean zehar gainbegiratu behar da proposamen horien aurrerapena, bai egoerari buruzko eguneraketak emateko, bai sasoiz ohartarazi ahal izateko atzerapenak ekar ditzakeen edozein bilakaeraren inguruan.

Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Batzordeko presidenteek gertu-gertutik zainduko dute Baterako Adierazpena behar bezala eta eraginkortasunez aplikatzen dela.