Europako Batzordearen irizpideen araberakoa
Proba gainditu duten pertsonek gaur jaso dute ziurtagiria, zeinarekin ofizialki akredita baitezakete gaitasun digitaletan duten maila, Europar Batasunean indarrean den DIGCOMP esparruaren arabera arautu eta Europako Batzordeak argitaratutako ebaluazio-prozedura baten bidez.
Zehazki, gaitasun digitalen ziurtagiria formatu digitaleko dokumentu ofizial bat da, ziurtatzen duena titularrak informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorrean ezagutza, gaitasun, trebetasun eta jabetza jakin batzuk eskuratu dituela. Lau urteko indarraldia du. Oinarrizko mailari dagokion deialdiarekin hasi da, baina badaude maila ertaina, aurreratua eta espezializatua ere.
Ziurtagiri honen helburua da beren gaitasun digitalak aintzatesteko tresna bat ematea herritarrei, sektore publikoko eta pribatuko enplegagarritasunean baloratuko den ziurtagiri baten bidez, eta etengabeko prestakuntzarako eta garapen profesionalaren sustapenerako pizgarri bat eskaintzea pertsonei, haien lan-profila birbalorizatzeko. Testuinguru horretan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestakuntza hobea izanen duen ekoizpen-ehuna lortzeko aukera eman du gaitasun digitalen ziurtagiriak, etorkizun digital, inklusibo eta justuago baterako bidean aurrera egitea bermatuko baitu.
Ziurtagiriaren garapena Nafarroako Gobernuaren 2021-2025 Inklusioa eta Gaikuntza Digitaleko Planean sartzen da, zeina foru-komunitatean arrakala digitala gutxitzeko abiarazi baita eta pertsona guztiak gizarte digital berri baterako trantsizioan sartzea bultzatzen baitu, prestakuntza-neurri egokien bidez.
Ziurtagiria funtsezko ardatza da Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ekintzan, gaitasun digitalen eremuan; harekin batera, beste proiektu batzuk ere garatu dira, hala nola prestakuntza digitaleko ‘Kliko’ programa, duela gutxi abiarazia Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin batera.
Nafarroako Gobernuak esparru digitalean eskaintzen duen prestakuntza-ekintza osoa bateratzen du ‘Kliko’ programak digitalizazioaren alderdi garrantzitsu guztiak estaltzen dituzten askotariko ikastaro eta prestakuntza-moduluen bidez. Gaur egun, online eta presentzialki eskaintzen diren prestakuntza ugarien artean, gaitasun digitalen ziurtagiria lortzeko prestatzeko 10 ikastaro ere ematen dira.