Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Pérezekin batera, parte hartu du Bartzelonan egiten ari den Periferiako eta Itsasoko Eskualdeen 53. konferentzian. Bilkura Kataluniako Generalitateak antolatu du, eta, bertan, foru-komunitatea kide duen Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Orokorra ere egin da..
Demokraziari buruzko lehen Nazioarteko Mintegiarekin hasi zen Konferentzia, demokrazia maila anitzeko gobernantza partekatutik indartzearen garrantzia ardatz gisa hartuta. Han, Ollo lehendakariordeak eskualde eta herrietan demokrazia indartzeko jardunbide egokien inguruko lehen saioa itxi zuen. Testuinguru horretan, Nafarroak Europa iraunkor eta demokratiko baten alde duen konpromisoa adierazi zuen Ollo lehendakariordeak: “Eskualde eta herriek administrazio- eta kudeaketa-maila desberdinetan gobernantza partekatuan duten papera bermatuz eta bultzatuz, gaur jokoan dagoen demokrazia sendotuko duen Europa,. Europa horrek politika berritzaileak bultzatu behar ditu, demokraziaren atzerakadari aurre egiteko eta gure demokrazia belaunaldi berriei hurbiltzeko, bereziki”.
Ildo horretan, Ollok azpimarratu zuen Europako Kontseiluaren Europako Demokrazia Berrirako Itunak balio izan behar duela demokraziaren oinarriak indartzeko eta haren onurak indartzeko: “Kontua ez da demokrazia berrasmatzea, baizik eta demokrazia indartzea, aberastea eta erresilienteagoa bihurtzea ekintza kolektiboaren bidez, eskualdeak eta udalerriak herritarrekiko hurbilen dauden erakunde gisa inplikatuz eta teknologiaz baliatuz.”
Mintegiak aztertu du zer erronka eta aukera nagusi dauden partaidetza-prozesuei, tokiko demokraziari, maila anitzeko gobernantzari, lurralde-kohesioari, deszentralizazioari eta informazio digitalaren inguruneari dagokienez. Eskualdeetako ordezkariek, mintegi horretan, desinformazioagatik edo tokiko parte-hartzearen higaduragatik mundu osoan gero eta handiagoa den presiopean dagoen demokraziari buruz hausnartu dute. Nazioarteko gertaera globalak eta geopolitikoak erakunde demokratikoen erresilientzia probatzen ari dira. Hala, eta testuinguru kritiko hori kontuan hartuta, CPMRren 53. Batzar Orokorrean, eztabaidatu da nola babestu eta berritu praktika demokratikoak toki- eta eskualde-esparruetatik.
Arku Atlantikoko Batzordearen Batzarra
Ondotik, Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Orokorra egin da. Azpimarratu beharrekoa da Arku Atlantikoko Batzordea Nafarroak parte hartzen duen Periferiako eta Itsasoko Eskualdeen Konferentziaren (CRPM) sareko sei batzorde geografikoetako bat dela. Saint Malon (Frantzia), Maltan eta Lisboan (Portugal) egindako azken bileretan, Nafarroak apustu egin du bere instituzionalizazio-prozesuan makroeskualde gisaaurrera egitearen alde.
Batzar honetan, Euskadi buru dela, Nafarroak erakunde horietan parte hartzeko, erakundeen alde egiteko eta Nafarroako Gobernuaren presentzia eta parte-hartze europarra areagotzeko duen konpromisoa berretsi da. Izan ere, Nafarroa —Europako 82 saretan dago— da une honetan Pirinioetako Lan Erkidegoaren (CTP) eta EuroeskualdeaAkitania Berria Euskadi Nafarroa euroeskualdearen buru. Europar Batasunak finantzatutako hainbat proiektutan ere parte hartzen du, bereziki POCTEFA proiektuetan.
Bestalde, Nafarroak trantsizio ekologikoaren eta energia berde eta alternatiboen alde egin duen apustua aintzat harturik, industria bere BPGaren % 31 den ekonomia honetan, CRPM eta Arku Atlantikoa foro aproposak dira, beste foro batzuetan hura bultzatzeko, hala nola unibertsitateen foro baten garapenean, Europako ardatz atlantikoaren inguruan makroeskualde bat sortzean, energia berriztagarrien aldeko apustuan eta Europako eskualdeen etorkizunean.
Sergio Pérez Foru Gobernuaren Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “uste dugu foro hauek ahalbidetzen dutela Nafarroarentzat interes berezia duten gaietarako aukerak sortzen dituen lankidetza-ingurune batean sakontzeko. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da kohesio-politika deszentralizatu baten alde egitea, eskualdeek garapen ekonomikoan ere funtsezko zeregina izan dezaten”.
Aste honetan Bartzelonan egin den topaketa burutzeko, Eskualde Periferikoen eta Itsas Eskualdeen Konferentziaren batzarrean parte hartu duten eskualdeen adierazpen bat onartuko da.