Europako erakunde araugileek, Europako Batzordeak eta Zerbitzu Digitalen Koordinatzaileen Batzordeak —Zerbitzu Digitalen Erregelamendua betetzen dela zaintzen dute, guztiek ere— argitaratu dute Europar Batasuneko lineako plataformetan eta tamaina handiko bilaketa-motorretan dauden arrisku nabarmen eta errepikakorrei buruzko mundu mailako lehen txostena.

Tamaina oso handiko lineako plataformetan izaten diren arrisku sistemikoak identifikatzen dira txostenean; besteak beste, eduki bidegabeak zabaltzea eta oinarrizko eskubideak mehatxupean egotea. Plataformek hartutako arintze-neurrien lehenbiziko ikuspegi orokor bat ere jaso da; haien oinarria Zerbitzu Digitalen Erregelamenduan jasotako gardentasun-eskakizunak dira.

Alderdi hauei buruzkoak dira ondorio nagusiak: osasun mentalerako arriskuak eta adingabeen onlineko babesa; teknologia emergenteek (adibidez, AA) lineako plataformetan duten inpaktua; eta jabetza intelektuala lineako merkatuetan babesteari dagozkionak. Arintze-neurri nabarmenetako bat da, adibidez, sistema automatizatuak erabiltzea legez kontrako jarduerak (adibidez, legez kanpoko drogak saltzea) online egiteko kode gisa erabilitako emojiak detektatzeko.

Plataformen beren arriskuen ebaluazioaren eta gardentasunaren inguruko txostenetan eta ikuskaritza-txostenetan oinarritzen da txostena, baita arrisku jakin batzuei buruzko ikerketa independenteetan eta gizarte zibilaren ekarpenetan ere.

Arriskuen egoerari buruzko txostenen urteko ziklo bateko lehena da. Etorkizuneko edizioak zabalagoak izanen dira. Hala, barne hartuko dituzte plataformen jarraibide onenak, arriskuak murrizteko estrategien eraginkortasunari buruzko datu gehiago izan ahala; gainera, datuen sarbideari buruzko egintza eskuordetuari jarraikiz egiten ahalko diren ikerketak ere baliatuko dira. Denborarekin, epe luzerako ikuspegia izanen da arrisku sistemiko nabarmenenei eta Europan gehien errepikatzen direnei buruz.

EBn tamaina oso handiko onlineko plataformak eta bilaketa-motorrak erabiltzetik eratorritako arrisku sistemikoak ulertzeko erreferentzia-puntu bat da txostena. Funtsezko tresna da gardentasunari eta kontuak emateari dagokienez eta, azken batean, onlineko ingurune seguru eta fidagarriago bat lortzen lagunduko du.