Europako Batzordeak Europako Herritar Ekimen bat erregistratu du, izenburutzat duena «Israelek giza eskubideak urratzen dituela ikusita, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioa erabat etetea eskatzea».
Haren onargarritasuna juridikoki zehatz-mehatz aztertu ondotik, Batzordeak jo du Europako Herritar Ekimenak betetzen dituela Europako Herritar Ekimenaren Erregelamenduan jasotako eskakizun formal guztiak. Batzordeak ez du aztertu proposamenen edukia fase honetan. Erregistroak ez du eraginik funtsari buruzko Batzordearen azken erabakian, ez eta har ditzakeen neurrietan ere. Ekimenari buruzko irizpena emanen du Batzordeak baldin eta ekimenak EBko biztanleen milioi bat sinadura jasotzen baditu, gutxienez.
Lisboako Itunak aurkeztu zuen Europako Herritar Ekimena, herritarren agenda definitzeko tresna gisa. 2012ko apirilean abiarazi zen ofizialki. Formalki erregistratu ondotik, Europako Herritar Ekimen batek aukera ematen die EBko gutxienez zazpi estatu kidetako milioi bat herritarri Europako Batzordea gonbidatzeko eskumenak dituen alorretan egintza juridikoak proposatzera. Hauek dira onargarritasun-baldintzak: (1) proposatutako ekintza ez da nabarmenki gelditzen Batzordeak egintza juridiko baten proposamen bat aurkezteko dituen eskumenetatik kanpo; (2) ez da nabarmenki gehiegizkoa, azalekoa eta iraingarria; eta (3) ez da nabarmenki Batasunaren balioen kontrakoa.
Europako Herritar Ekimena abiarazi zenetik, 123 ekimen erregistratu dira.
Ekimenaren edukiak antolatzaileen iritziak biltzen ditu soilik, eta inola ere ezin da esan Batzordearen iritzien isla denik.