Justizia digitala 2030 multzoa aurkeztu du Europako Batzordeak, EB osoan sistema judizialak modernizatzeko eta justiziaren alorreko profesionalek aro digitalerako tresna egokiak izatea bermatzeko ekimena. EB osoko sistema judizialen digitalizazioa bizkortzea du helburu bide-orri estrategiko horrek, herritarrak, enpresak eta justiziaren sektoreko profesionalak berrikuntzaren eta mugaz haraindiko lankidetzaren bidez ahalduntzeko.

Justizia digitalaren multzoak barne hartzen ditu JustiziaDigitala@2030 estrategia eta 2025-2030 aldirako Prestakuntza Judizialerako Europako Estrategia: biek batera, sistema judizialen eraldaketa digitala sustatuko dute punta-puntako teknologiak erabiliz (besteak beste, adimen artifiziala), eraginkortasuna areagotzeko, kostuak murrizteko eta justiziarako sarbidea denentzat hobetzeko.

Henna Virkkunen Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziarako lehendakariorde exekutiboak honako hau adierazi du: «Digitalizazioa eta adimen artifiziala gure gizarteak eraldatzen ari dira, eta sistema judiziala ez da salbuespen bat. Justizia digitala 2030 multzoaren bidez, Europako sistema judizialak modernizatzen ari gara, eta, ondorioz, gure ekonomia lehiakorragoa izan dadin laguntzen ari gara; aldi berean, teknologia pertsonen zerbitzura egotea eta justizia irekia, irisgarria eta gure balioetan oinarritua izatea bermatzen dugu».

Michael McGrath Demokrazia, Justizia, Zuzenbideko Estatu eta Kontsumitzaileen Babeseko komisarioak honako hau adierazi du: «Pakete honekin, aro digitalean konfiantzaz aurrera egiten laguntzen diegu estatu kideei, gure sistema judizialak bizkorragoak, irisgarriagoak eta eraginkorragoak izan daitezen bermatuz. Ez da justiziarako inbertsioa soilik, Europaren lehiakortasunari ere eragiten baitio. Prestakuntza Judizialerako Estrategiak epaileak, fiskalak eta zuzenbideko profesionalak gaituko ditu, teknologia eraginkortasunez erabili ahal izateko gaitasun digitalak eta AAko tresnak emanen baitizkie. Berrikuntza barne hartuz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izanen den eta gure balio demokratikoei sendo eusten dien sistema judizial justu eta moderno bat eraikitzen ari gara».

Xehetasun gehiago kontsultatzen ahal dituzu prentsa-oharrean.