Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak Emausko Trapuketariak Fundazioaren instalazioak bisitatu ditu gaur, Berriozarren, Hondakinen Prebentzioaren Europako Astea dela eta. Kontseilariarekin batera, hondakinen kudeaketan aritzen diren Nafarroako tokiko erakunde guztiak joan dira, baita Fernando Mendoza Nilsako zuzendari gerentea ere, bertatik bertara ikusteko zein garrantzitsua den bilketa eta tratamendua, gero berrerabiltzeko eta bigarren bizitzarako.
Tamaina handiko hondakinak (adibidez, altzariak, lastairak eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak) bildu eta tratatzean jarri du fokua Europako aste honek. Bisitan, ikusi ahal izan da Emausko Trapuketariek tamaina handiko hondakin horiek birgaitu eta leheneratzeko prozesuan eta haien material eta piezak aprobetxatuz fundazioaren instalazioetara iristen diren hondakinei bigarren bizitza bat emateko egiten duen lana.
Chivite kontseilariak bisitan ziurtatu duenez, “aurrera egin nahi badugu kontsumo arduratsuaren eta hondakinen tratamenduaren alorretan, funtsezkoa da estamentu eta erakunde guztien parte-hartzea. Hondakinik onena, sortzen ez dena”. Halaber, berretsi du Nafarroako Gobernuak foru-komunitatearen garapen jasangarriarekin duen konpromisoa, hondakinen kudeaketa egokia bermatzen baitu “hondakin-kudeatzaileen eta Nafarroako mankomunitateen arteko hitzarmenei” esker.
Testuinguru horretan, Emausko Trapuketarien lanaren balioa azpimarratu du, etxez etxeko 45.000 zerbitzu egiten baititu urtean foru-komunitate osoan. Modu horretan, Lurralde Kohesiorako kontseilariak nabarmendu duenez, “hondakinen tratamenduari esker, bizitza berri bat eman dakieke jasotako produktuen % 80ri” eta, gainera, aurrera egiten da kontsumo arduratsua lortzeko bidean, zeina “ezinbesteko tresna baita jasangarritasuna lortzeko eta klima-aldaketaren aurkako politika publikoen parte gisa”.
Ildo beretik, José María García Emausko Trapuketariak fundazioko zuzendariak nabarmendu du zer-nolako garrantzia duen hondakinak behar bezala bereizi eta entregatzeak. Azkenik, adierazi du “arduraz jokatzea” dela “etxeetan eraginkortasunez kudeatzea hondakinak, Nafarroan zabaldutako baliabideen bidez”.
David Campión Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak eskerrak eman dizkio Emausko Trapuketariak fundazioari, gizarteari ematen dien zerbitzuarengatik; haren hitzetan, “eraginkortasunez kudeatzen dituzte sortzen ditugun hondakinak eta berrerabilera sustatzen dute”.