Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeak FAIRNESS proiektuari akabera emateko saioa egin du gaur, azaroak 28 (ostirala), Gobernuaren Kontsumo Zerbitzuaren egoitzan. Arbitrajea gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko mekanismo gisa sustatzeko sistema da FAIRNESS.

Enrique Zapata Vázquez de Prada Kontsumoko Arbitraje Batzordeko presidenteak eman dio hasiera saioari, zeinean María Isabel Echave Blanco Kontsumoko Arbitraje Batzordeko idazkari eta Tracasa Instrumentaleko langileen idazkariak ere parte hartu baitu.

2023ko apirilean hasitako proiektu horrek, zenbait neurri baliatuz, kontsumoaren alorreko gatazken arbitrajea bultzatu du kontsumitzaileen eta enpresa eta profesionalen artean. Aurreikusitako epean (32 hilabete) egikaritu da 63.747,95 euroko aurrekontuarekin; Europar Batasunak finantzatu ditu kopuru horretatik 53.966,92 euro.

Itxiera ekitaldian azaldu dira proiektuaren ezaugarri nagusiak, lan-ildoak, proiektuaren garapena eta egikaritzea, ondorioztatu delarik proposatutako helburuak bete direla.

Ondorio horietarako, azaldu da lortu dela gatazkak judizioz kanpo konpontzeko aukera gisa sustatu eta indartzea, ikusi baita enpresa eta profesional gehiago egin dela Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko kide; halaber, jende gehiagok jotzen du Kontsumo Zerbitzura zalantzak argitzera eta kexak, erreklamazioak eta arbitraje-eskaerak aurkeztera.

Lehentasunezko kolektiboei dagokienez (adibidez, gazteak, premia bereziak dituzten pertsonak, hirugarren adinekoak eta zenbait eragile sozial), gatazkak ebazteko bitarteko alternatiboetara gerturatzea lortu da kolektibo bakoitzera egokitutako saio informatibo espezifikoen bidez. Gainera, gardentasun handiagoa lortu da arbitrajerako sarbidean.

Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordeko arbitroak izan dira proiektu honetako beste “itu”-kolektiboetako bat. Haien gaikuntza osatu eta hobetu da, kontsumo-arbitrajearen alorreko azken nobedadeen arabera eguneratutako prestakuntza espezializatu baten bidez.
Lortutako helburuen berri eman ondotik, eskaera eta galderen txanda etorri da. Azkenik, proiektuan egindako ahalegina eta parte-hartzea eskertu zaie bertaratuei.