Europako Batzordeak informazio-eskaera bat bidali dio Shein etxeari Zerbitzu Digitalen Erregelamenduan oinarrituz, plataforman legez kontrako ondasunak —zehazki, haur itxurako panpina sexualak eta armak— eskaintzen ari direla dioten aurretiazko zantzuak kontuan hartuz. Frantzian legez kontrako produktuak saldu direla egiaztatu ondotik eta zenbait jakinarazpen jaso ondotik, Batzordeak susmatzen du Sheinen sistema arrisku sistemiko bat izan daitekeela Europar Batasun osoko kontsumitzaileentzat.

Batzordeak orain plataformari formalki eskatu dizkio informazio xehatua eta barne-dokumentuak, adingabekoek beren adinerako desegokiak diren edukietarako sarbiderik ez dutela nola bermatzen duten (bereziki, adina egiaztatzeko neurrien bidez) eta plataforman legez kontrako produktuen zirkulazioa nola eragozten duen azaltzen dutenak. Sheinek hartutako arintze-neurrien eraginkortasuna aztertzen dihardu, halaber, Batzordeak.

Zerbitzu Digitalen Erregelamenduak xedatzen duenez, tamaina oso handiko onlineko plataformek (mota horretakoa da Shein) behar bezala ebaluatu eta arindu behar dituzte beren sistemetatik, diseinutik eta zerbitzuen funtzionamendutik eratorritako arrisku sistemikoak; adibidez, adingabekoentzako arriskuak eta legez kontrako edukiak zabaltzea.

Batzordeak aktiboki ikuskatzen du Europar Batasun osoan tamaina oso handiko onlineko plataformek (besteak beste, Shein) Zerbitzu Digitalen Erregelamenduan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten, eta neurriak hartzeko prest dago. Hala, Batzordeak Shein plataformari bidali dion hirugarren informazio-eskaera da hau.