Europako Batzordea informazioa eta iritziak biltzen ari da ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuen zuzentarauaren —2018an berrikusia azkenekoz— inpaktuari eta hura eguneratzeko premiari buruzko, bizkor bilakatzen ari den testuinguru mediatiko batean. Horretarako, datu-deialdi bat jarri du martxan Batzordeak.
Ikus-entzunezko baliabideen ingurunea aldatzen ari da zenbait arrazoiren ondorioz: adibidez, telebista eta bestelako gailu konektatu batzuen bidez multimedia-edukiak banatzeko garaian teknologia digitalak duen garrantzi gero eta handiagoa, ikusleek lineako plataformen bidez edukietara sartzeko dituzten lehentasunen bilakaera eta hedabideetako eragile berriek (adibidez, influencerak) duten garrantzi gero eta handiagoa. Horrenbestez, ebaluazioak aztertuko du ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuen zuzentarauaren arauak egokiak diren oraindik ere aurreikusitako helburuak lortzeko, edo eguneratu egin behar ote diren Europako komunikabideentzat ikusgaitasuna eta gailentasuna nabarmentzeko, operadore tradizionalen eta operadore digital berrien artean aukera-berdintasun handiagoa izateko eta ikusleei (batez ere, gazteenei) babes-maila egokia emateko ikus-entzunezko edukiak online ikusten dituztenean. Publizitatearen inguruko arauak sinplifikatzeko aukera ere aztertuko da.
EBko ikus-entzunezkoen eta komunikabideen oinarria den ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuen zuzentarauaren helburua da EBko komunikazio-hedabideen pluralismoa eta kultura-aniztasuna hobetzea. Eduki mediatiko nazionalen mugaz haraindiko zirkulazioa eta Europako komunikabide-enpresen lehiakortasuna babesten ditu. Era berean, eduki mediatiko kaltegarrietatik babestu nahi ditu ikusleak, bereziki adingabeak.
Datu-deialdiaren bidez alderdi interesdun guztien ekarpenak jaso nahi dira (barnean direla ikus-entzunezko baliabideen arautzaileak, irratigintzako organismoak, eskaripeko bideoen hornitzaileak, bideoak trukatzeko plataformak, influencerak eta iragarleak), zenbait ikuspegi kontuan hartzen direla eta zuzentarauaren ebaluazioan eta berrikusketan behar bezala jasotzen direla bermatze aldera. Irekita egonen da abenduaren 21a arte (igandea).
Datu-deialdi hori aintzat hartuko da 2026rako aurreikusitako ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuen zuzentarauaren ebaluazioan. Demokraziaren Europako Ezkutuaren parte da berrikusketa hori, zeina duela gutxi aurkeztu baitzuen Batzordeak, EBko komunikabideen sektorea sendoagoa eta gure demokrazien erresilientziarentzat gailenagoa izan dadin lan egiteko.