Europako Batzordeak EBko Polinizatzaileen Jarraipen Plan bat ezartzen duen lege-egintza bat argitaratu du, estatu kideei laguntzeko 2030erako animalia horien populazioen gainbehera lehengoratzen, hori baita Natura Lehengoratzeko Erregelamenduaren funtsezko helburuetako bat.

Polinizatzaileak erabakigarriak dira gure ekonomiari, osasunari eta bizi-kalitateari eusten dieten zerbitzu ekosistemikoetarako, barnean hartuta gure elikagai-laboreen eta basa landareen polinizazioaren % 80. Hala ere, erle, tximeleta eta sirfidoen hiru espezietik bat desagertzen ari da eta erle eta tximeleten hamar espezietik bat desagertzeko arriskuan daude. Horregatik, biodibertsitatea, elikadura-segurtasuna eta ingurune naturalaren erresilientzia babesteko, beharrezkoa da Europako natura narriatua lehengoratzea.

Natura leheneratuko bada, ezinbestekoa da jarraipen fidagarri, eraginkor eta konparagarri bat egitea. Gaur proposatutako metodoarekin, polinizatzaileen populazioak eraginkortasunez ikuskatzen lagunduko die Batzordeak estatu kideei eta, era berean, malgutasuna emanen die tokiko premia eta errealitateetara egokitzeko. Metodo normalizatu eta sendoa da, dibertsitatearen eta polinizatzaile-populazioen jarraipenerako oinarri zientifikoa duena.

Esparru komun horri esker, lurralde nazional guztietan bildutako urteko datuak konparagarriak eta fidagarriak izatea bermatzen da eta 2030eko helburura begira egindako aurrerapenen irudi argia ematen da. Bestalde, karga administratiboa murrizten denez maila nazionalean, agintaritza nazionalek egikaritze- eta leheneratze-neurrietan zentratzeko aukera dute.

Egintza eskuordetua hogei egun barru indarrean sartzen denetik, estatu kideek urtebeteko epea dute EBko polinizatzaileen jarraipenerako metodoa aplikatzeko. Batzordeak jarraituko du estatu kideetan polinizatzaileen segimendua egiteko ahalmenen garapena babesten, zehazki, agintaritza nazionalentzako laguntza-zerbitzu espezifiko bat sortuz.

Online aurkitu dezakezu EBko polinizatzaileen jarraipenerako metodo berriari buruzko argibide gehiago.