Nafarroako Erriberako 80 adinekok baino gehiagok hartu dute parte PreDisc proiektu europarraren esparruan antolatu den Zahartze Aktibo eta Osasungarriari buruzko Jardunaldian. Horren helburua da osasunaren sustapena lurraldera hurbiltzea eta zahartze aktibo eta osasungarriagoa sustatzea. Topaketa Cintruénigoko San Francisco de Asís egoitzan egin zen, eta Fernando Domínguez Osasuneko kontseilaria bertan izan zen. Jardunaldiaren bukaeran, prebentzioa landa eremuetara hurbiltzearen garrantzia azpimarratu zuen.

“Zahartzeaz hitz egitera etorri gara, eta, batez ere, osasun gehiagorekin zahartzea lortzeko moduaz. Zuentzat guztiontzat beti hor egonen den kalitatezko osasun arreta albo batera utzi gabe, funtsezkoa da gutako bakoitza prest egotea gure bizitzan, egunerokoan eta inguruan ditugun adinekoenean aplikatzen ahal ditugun autozainketako, autonomiako eta ongizateko gutxieneko ekintza batzuk gauzatzeko”, nabarmendu zuen kontseilariak.

Cintruénigoko eta Fiteroko osasun zentroekin lankidetzan antolatu zen jarduera, eta helburua izan zen osasunaren sustapena zuzenean lurraldera hurbiltzea, adinekoen eguneroko ingurunera egokitutako ohitura osasungarriak sustatzeko, hauskortasuna prebenitzeko eta adinekoak ahalduntzeko beren osasuna zain dezaten.

PreDisc Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), Interreg Sudoe programaren bidez, finantzatutako proiektu europarra da, eta Navarrabiomed – Fundación Miguel Servet fundazioak koordinatzen du. Helburua da landa inguruneetako adinekoen bizi kalitatea hobetzea, osasun arreta eskuratzeko berdintasuna bultzatuz eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatuz.

Proiektuaren partzuergoa honako hauek osatzen dute: Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutua (IdiSNA), SNS-Oko lehen mailako arreta, Deustuko Unibertsitatea (Euskadi), Toulouseko Centre Hospitalier Universitaire (Frantzia), Hospital Distrital da Figueira da Foz (Portugal) eta Servei Andorrà d’Atenció Sanitària (Andorra). Horrez gain, Europako hego-mendebaldeko bederatzi erakunde publiko eta pribaturen laguntza ere badu.