Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, Audiovisual Production on Regional and Minority Languages campusean parte hartu du. Campus hori azaroaren 6an eta 7an izan zen, Leeuwardenen (Frisia, Herbehereak).
Jabi Arakama Euskarabideako zuzendari gerenteak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD) antolatutako campusean parte hartu du. Sare horretako kide dira Nafarroako Gobernua, Coppieters fundazioa, Noordelijk Film Festival eta Frisiako Probintzia.
Ekitaldi horretan, Europa osoko zinemagile, ekoizle eta ikertzaileek esperientziak eta estrategiak trukatu dituzte, eskualde mailako hizkuntzetako eta hizkuntza gutxituetako ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzearekin lotuta.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD)
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD – Network to Promote Language Diversity) helburua da hizkuntza aniztasuna sustatzea Europan, maila guztietan informazioa eta esperientziak trukatuz, ulermena errazteko eta nazioartean aniztasun horren aitortza handiagoa lortzeko.
Nafarroako Gobernua eskubide osoko kide da 2010az geroztik, eta Euskarabidearen bitartez parte hartzen du sarean. Sarri aritzen da lankidetzan herrialdeetako eta eskualdeetako gobernuekin, haiekin lan saioak eginez, bai eta hizkuntza plangintzan jarduten duten entitateekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeek dituzte ordezkariak, hala nola tokiko agintaritzek, ikerketa zentroek, unibertsitateek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Nafarroako Gobernuaz gain, eskubide osoko kide dira, orobat, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Europako kideen artean, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân) dira, besteak beste, eskubide osoko kide. Azken erakunde publiko hori, Frisiako Probintzia, campusaren anfitrioia izan da.